Espainiako Poliziari laguntza emateko presioa salatu du Molina abokatuak

Presioak onartezinak direla adierazi dute Baionako abokatuek eta Frantziako Abokatuen Sindikatuak

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Espainiari laguntzeko presioak jasan dituela salatu du Yolanda Molina abokatuak. Abokatuak jakinarazi duenez, azaroaren 3ko iluntzean, Espainiako Gobernuaren ordezkari gisa aurkeztu zitzaion gizonezko batek Baionako Paulmy etorbideko aparkalekuan gelditu eta elkarlanean aritzeko estutu zuen. «Bake denborak» zirela nabarmendu ondoren, Parisko espetxe batean atxiloturik dagoen preso baten eta Espainiako agintarien arteko bitartekari gisa aritzeko eskatu ziola salatu du. Proposamena ez da solasaldi gisa interpretatu, baizik eta Poliziari laguntza emateko eskari gisa. Molina Baionako Auzitegiko abokatua da, eta hainbat euskal presoren defentsa bermatzen du.

Laguntzeko eskaintzari berehala erantzuteko eskatu zion gizon hark behin eta berriz. Hilabeteko epea eman zion erantzuteko. Edozein unetan Molinaren bulegora joan zitekeela edo karrikan bertan geldi zezakeela jakinarazi zion. Interneteko helbide bat ere eman zion erantzuteko ([email protected]), eta bere bulegotik edo ordenagailutik ez idazteko eskatu zion.

«Agerian gelditu da zaintzen nindutela eta karrikan jarraika ukan ditudala, ni karrikan bakarrik atzemateko», dio Molinak. Izenik eman nahi izan ez zion gizon hark abokatuen deontologia eta eginkizuna urratzeko presioa egin ziola salatu du.

Gertakari horren berri ukan eta, Baionako abokatuek Molinak pairatu dituen presioak salatu dituzte. «Ez dago onartzerik abokatu batek bere jardunerako behar duen askatasuna zangopilatzea, edonor eta edonola izanik ere». Presio horiek salatu dituzte abokatuek, eta elkartasuna adierazi diote Molina abokatuari. Baionako Abokatu Gazteen Batasunak ere presioak salatu ditu etasostengua helarazi dio.

Molinak pairatu dituen presioak defentsa eskubidea urratu eta Molina arriskuan jartzen duela salatu du Frantziako Abokatuen Sindikatuak (SAF). Presio horiek onartezinak direla azpimarratu du. Molinak auzibidea irekitzea deliberatzen badu harekin bat eginen dutela gaineratu du sindikatuak.

Jazarpena gelditu

Euskal herritarren aurkako jazarpena gelditu behar dela adierazi du Askatasunak, eta Molinak pairatu dituen presioak salatu. Molinari presioa egin aurretik ere horrelako anitz gertatu direla nabarmendu du Askatasunak.Gogora ekarri du 2008an frantses polizia gisa aurkeztu ziren hiru gizonek bahitu zutela zenbait orenez Juan Mari Mujika eta laguntza emateko eskatu ziotela mehatxu artean.

«Esparru legal batetik at eramandako ekintza terrorista hauek posibleak dira Pirinioen alde honetan, Frantziako agintariek onartzen dituztelako eta babesten dituztelako». Presio horiek batzuek usu «goraipatzen» duten Frantzia eta Espainiaren arteko elkarlanaren baimenarekin egiten direla eta gerra zikinaren froga direla salatu du Askatasunak, eta Jon Anzaren kasua gogora ekarri du.

Anai Arteak ere sostengua eman dio Molinari. «Bakeari buruz goazen momentu honetan holako jokamoldeak ezin onartuzkoak dira eta beldurra sortu nahi dute jendeengan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.