Senaturako Amaiurren Nafarroako hautagai Joseba Compainsek salatu du Espainiako poliziek eraso diotela. Kontatu duenez, hauteskunde kanpaina hasteko Amaiurren lehen kartelak itsastera zihoala eraso zioten, kolpe eta guzti.
Iruñeko Iturrama auzoan gertatu zen erasoa, ostegun gauerdia pasata. Hautagaiak kontatu du lehen kartelak itsasteko zortzi lagun bildu zirela gauerdian. «Berehala sumatu genuen izugarrizko jazarpen poliziala zegoela, polizia auzo guztian bueltaka zebilelako denbora guztian», azaldu du. Hori ikusirik, 00:30 joak zirenean, kartelak jartzeari uztea erabaki zuen taldeak. «Zortziak elkarrekin geundela gris koloreko auto bat agertu zen, ziztu bizian, gure atzetik».
Hori ikusirik, banatu egin zen taldea. Korrika hasi ziren, autotik aldendu nahian. Hautagaiak kontatu duenez, bi pertsona zihoazen autoan. Beregana joan, eta geldiarazi egin zuten. «Ia ezer esan gabe, hiru zaplazteko eman zizkidaten ezkerreko aldean», kontatu die hedabideei. «Lurrera bota ninduten, oihu egiten zuten bitartean». Compainsen hitzetan, «Esto es brutalidad policial!», oihukatzen zuten etengabe kaleko jantzita zeuden biek. «Hau polizia gehiegikeria da!».
Prozesuaren aurrean, balak
Euskal Herrian abiatutako prozesuan ez dutela sinesten ere esan zioten hautagaiari, mehatxu artean. «Ez zutela prozesuan sinesten, eta gutako bakoitzarentzat bala bat zutela».
Espainiako Poliziaren furgoneta bat iritsi zen, ondoren. Identifikatu egin zuten Compains, eta, ordu erdiz, lurrean eserita izan zuten. Denbora hori igarota, etxera joateko esan zioten. Bestela, «polizia plakako zenbakia aurpegian itsatsita» eramango zuela. «Etxera joan nintzen».
Espainiako poliziek Compains hautagaiari eraso diote
Amaiurren kartela itsastera zihoala, geldiarazi, jo eta beretzat balak zituztela esanaz mehatxatu zuten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu