POLITIKA

Espainiako segurtasun indarrek 5.167 kide dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Orotara, 2.369 guardia zibil, 1.317 Espainiako polizia eta 1.481 militar daude EAEko hiru lurraldeetan. Hala jakinarazi dio Espainiako Gobernuak EH Bilduko Marian Beitialarrangoitia diputatuari informazio eskari baten erantzunean.

Guardia Zibilaren kontrol bat, Irunen, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan, artxiboko irudi batean. ISABELLE MIQUELESTORENA
2018ko urtarrilaren 16a
18:24
Entzun

Lurraldeka, Bizkaian dute presentzia gehien estatuko segurtasun indarrek. Lurralde horretan 1.082 guardia zibil eta 581 polizia espainiar daude. Gipuzkoan, 802 guardia zibil daude eta 470 polizia. Araban, berriz, 485 guardia zibil eta 266 polizia. Madrilek ez du lurralde bakoitzeko militarren kopururik zehaztu, "segurtasunari eragin diezaiokeelako".

Azken hamar urteetako datuak argitaratu ditu Espainiako Gobernuak, eta 2008ko datuekin alderatuz gero, beherakada atzeman daiteke. 2017an hamar urte lehenago baino %16,8 guardia zibil gutxiago zegoen EAEn, eta %7,3 polizia gutxiago. Militarren kopurua %12,5 murriztu da. Hala ere, azken urtean handitu egin da guardia zibilen kopurua, 2.358tik 2.369ra.

Guardia zibilak eta poliziak egin dituzten kontrolei buruzko xehetasunak galden dizkio EH Bilduk Madrili —kopurua, arrazoia eta lekua—, baina Espainiako Gobernuak ez du erantzun zehatzik eman. Adierazi duenez, "eskubideak eta askatasunak, herritarren segurtasuna, ekintza penalen prebentzioa eta ikerketa, eta legeen betetzea bermatzeko behar beste kontrol" egin dituzte.

Segurtasun indarrek Euskal Herria "erabat" uztea exijitu du EH Bilduk ohar bidez, "segurtasun eskumen guztiak euskal poliziek beren gain hartuko duten agertokia" lortzeko. Espainiako Gobernuari galdegin dio "iragana ez dadila aitzakia izan" estatuko segurtasun indarren kopuru "neurrigabea" mantentzeko.

Azken hamar urteetan lurraldeka izan den guardia zibil eta polizia kopurua kontsulta daiteke, Espainiako Gobernuaren erantzun ofizialean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.