Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Carlos Urkijok gaur erantzun dio Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, eta esan dio "irmotasunez" defendatuko duela Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarraitzea.
Beltran de Herediak atzo azaldu zuenez, Madrili eskatuko dio Espainiako Polizia eta Guardia Zibila EAEtik joateko, ETAren jardun armatuaren amaierak horretarako abagunea ematen duelakoan. Gaur, Urkijok ihardetsi du polizia indar horiek "berezko eskubidea" dutela EAEn egoteko, "inori baimenik eskatu behar izan gabe".
Ohar bat plazaratu du Urkijok. Uste du "arduragabekeria larria" dela Beltran de Herediak hori eskatu izana "ETA desegin gabe", eta kritikatu du Jaurlaritzak "nazionalismoaren obsesio zaharrak" errepikatzen dituela.