Espainiako Senatuak Amaiurren proposamen bat onartu du, lehen aldiz

36ko gerrako haurren mina aitortzeko mozioa aldeko 86 botorekin onartu da, eta PPko 152 kideen abstentzioarekin

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Amaiurren proposamen batek aurrera egin du, lehen aldiz, Espainiako instituzio batean. Espainiako gerran atzerrira ihes egin behar izan zuten haurrei buruzkoa izan da mozioa, eta Senatuak onartu du, PSOEren eta EAJren bina zuzenketa txertatuta. Aldeko 86 boto lortu ditu horrela Amaiurrek. PPk proposamenaren funtsarekin ados dagoela esan du, baina Amaiurri zilegitasunik ez ematearren, ez du proposamenaren alde bozkatu; abstenitu egin dira PPren 152 senatariak.

1937ko maiatzaren 21ean, Euskal Herriko ia lau mila haurrez beteta atera zen Habana itsasontzia Erresuma Batura. Maiatzaren 23an iritsi zen Southampton-era, atzo 75 urte. Urteurrena gogora ekarri, eta gerrako haurren zein horien senideen mina aitortzen duen proposamena aurkeztu zuen atzo Amaiurrek Espainiako Senatuan. Euskal Herriko haurrei babes eman zieten instituzio, eragile eta herritar ingeles, galestar zein eskoziarrei aitortza egiteko proposamena ere jaso du mozioak.

Alberto Unamunzaga senatariak proposamena aurkezterakoan azaldu duenez, Bilbotik itsasoz aterarazitako haurrek hiru hilabeterako joango zirela agindu zieten gurasoek. Horietako 250 haurrentzat, ordea, bizi osorako bidaia bihurtu zen. Gurasoak hil edo espetxeratu zizkieten,eta ez ziren sekula haiengana itzuli.

Zuzenketa txikiak

PSOEk eta EAJk bina zuzenketa aurkeztu dizkiote proposamenari. Oinarrizko testua osatzea helburu zuten zuzenketa txikiak eta ñabardurak izan dira. PSOEk, 37ko haurrei buruzko artxiboak gordetzen laguntzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Horrez gain, «gerraren zein zentzugabekeria izugarriaren lekuko errugabeak» izan ziren haurren memoria zabaltzearen alde egin du.

EAJk, Erresuma Batura joan ziren haurrez gain, «beste lekuetara» eraman zituztenak ere aintzat hartzeko eta testuan jasotzeko eskatu du. Eta «beste herrietako» kideek emandako laguntza ere aitortzeko.

Bi alderdietako ordezkarien zuzenketak onartu egin ditu Amaiurrek, eta, ondorioz, aldeko botoa eman diote proposamenari bai senatari sozialistek bai jeltzaleek.

Ados bai, baina prest ez

Ramon Rabanera PPren senatariak azaldu duenez, bere alderdia bat dator mozioaren oinarriarekin. «Baina ezin dut babestu, proposamena egin duenak, Amaiurrek, ez duelako inolako zilegitasunik giza eskubideekin lotutako gaiak defendatzeko». Hortaz, ez dagoela Amaiurri babesik emateko prest esanda arrazoitu du PPren ordezkari guztien abstentzioa.

Areago, Amaiurri eskaera egiteko baliatu du aukera Rabanerak: «Duela 75 urte gertatutakoaz gain, Euskal Herriko historia hurbilagoa ere argi eta zorrotz kondenatu dezala» eskatu dio. «Gaur inoiz baino gehiago, terrorismoaren munstroa uxatu dela dirudien honetan eta esperantza eta ilusio haizea dagoen honetan, beharrezkoa da konpromiso argia Amaiurren mozioak jasotzen dituenen antzekoak berriz gerta ez daitezen», adierazi du PPkoak.

«Zubiak eraikitzeko apustua»

Amaiurrek ontzat jo du mozioa onartu izana. «Indartu egiten du elkarrizketa demokratikoaren bidez zubiak eraiki eta adostasunak bilatzeko Amaiurrek egin duen apustua», adierazi du.

Koalizioaren esanetan, «ezinbestekoa» da memoria historikoa gizarteratu eta ideologia guztiak bere osotasunean ezagutaraztea. «Soilik horrela begira dezakegu etorkizunerantz».

Elkar ulertzeari ere garrantzia eman dio Amaiurrek: «Indar politikoen arteko elkarrizketari eta adostasunari esker egin du aurrera mozioak. Honek erakusten du edozein gatazka konpontzeko, zer garrantzia duen elkarrizketak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.