Espainiako trantsizioa amaitu gabe dagoela azpimarratu du Egibarrek

Espainiako Konstituzioaren Egunean EAJk ospatzeko ezer ez daukala ohartarazi du Gipuzkoako jeltzaleen buruak. Jaurlaritzako ordezkaritza Madrilen izan da, ospakizun ekitaldietan; ez, ordea, Lopez

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
«[Espainiako Estatuaren] estruktura politikoaren barruan, harremanetarako berdinetik berdinerako estatusa behar duten nazioak daude», Joseba Egibar EAJren GBBko buruaren arabera. Espainiako Konstituzioaren Egunean EAJk ospatzeko ezer ez duela uste du Egibarrek, eta trantsizioa amaitzeke dagoela ohartarazi du, SER irrati katean egin dioten elkarrizketa batean. Egibarren iritziz, autonomia estatuaren eredua gainditu beharra dago, eta «bere garaian eraiki gabe utzi zen oreka politikoa» lortu behar da.

Espainiako Konstituzioa onartu zenetik 32 urte bete ziren atzo, eta urtemuga horren inguruan mintzatu ziren alderdietako buruzagiak. Egibarrek gogorarazi du Konstituzioaren inguruko erreferendumean «abstentzio aktiboak» irabazi egin zuela Euskal Herrian. Haren irudiko, historiak erakutsi du «Espainiako batasunaren banaezintasunak» ez duela lortu estaturik gabeko nazioak estatuaren egituran sartzea. Hala, EAJko buruzagiarentzat denborak agerian utzi du Espainian nazioen auzia konpondu gabe dagoela eta horren adibide Katalunia eta Euskal Herria direla.

Konstituzioaren Eguneko ospakizun nagusia Madrilen izan zen, Gorteetan. Kolon plazan Espainiako bandera erraldoi bat jaso zuten Jose Bono Kongresuko presidenteak eta Javier Rojo Senatukoak, eta, ostean, horiek gidatu zuten Gorteetako ekitaldia. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua eta Mariano Raxoi PPko buruarekin batera, PSOE, PP, CIU, IU, UPD eta UPN alderdietako ordezkariak izan ziren urtemugaren ekitaldian. Ordea, EAJ, ERC, ICV, BNG eta NaBai alderdiek, iragarri bezala, uko egin diote ekitaldian parte hartzeari.

Eusko Jaurlaritza, berriz, Konstituzioaren Eguneko ospakizunetan egon zen, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuaren bitartez. Zelaak esan zuen Konstituzioa «askatasun guztien oinarri» dela eta horregatik Jaurlaritzak errespetatu egiten duela. Patxi Lopez lehendakaria ez zen egon Madrilen. Eusko Legebiltzarreko presidente Arantza Quiroga,ordea, Madrilgo ospakizunetan egon zen. Konstituzioaren Eguna ospatu beharrekoa dela esan zuen, haren iritziz, itun horrek Espainian «demokrazia eta egonkortasun aroa» irekitzeko balio izan zuelako. EBrentzat, berriz, Konstituzioaren Eguna ospatzea «hipokresia» hutsa da, besteak beste, itun horretan jasota dagoen lanerako eskubidea ez duelako betetzen.



Ezker abertzalearen urratsak

Bestalde, ezker abertzalearen apustua hizpide izan dute buruzagi politikoek. Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak adierazi du ezker abertzaleak ez duela denborarik udal eta foru hauteskundeetarako «beharrezkoa duen bidea egiteko». Haren ustetan, ekitaldi bakarra egin beharko luke «ETArekiko lotura guztiak hautsi» eta desagertzeko eskatzeko. Ezker abertzaleak «ibilbidearen zati bat oraindik egin gabe» duela uste du, hala ere, onartu du «pauso garrantzitsuak» eman dituela eta «hausnarketa politiko berriak» egin dituela.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua, berriz, ziur da ETAren desagerpena «gainbehera prozesu baten emaitza» izango dela eta ez duela amaiera adierazpenik izango. Correo egunkariari eskainitako elkarrizketan, Aresek esan duETAren desagerpena «jazarpenaren» ondorioz etorriko dela eta ez zuzenbide estatuaren «malgutasun» jarrera batetik.

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak ETAren balizko su-eten baten inguruan idatzi du bere blogean. Urkulluk ETAri eskatu dio menia egiaztagarri eta iraunkorrarekin batera mehatxu eta atentatu gehiagorik ez duela sekula egingo ziurtatzea. Haren ustez, kontzeptu horiek «argi eta erraz» azaldu beharko lituzke ETAk su-eten agirian.

Ezker abertzalea hauteskundeetan ez egotea da mundu hori amaitzeko biderik egokiena, PPren ustez. «Ezin da oina azeleragailutik altxatu, Batasuna ez delako ona bihurtu», esan du Antonio Basagoitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.