Aznarren Gobernuak legealdia amaitu baino lehen egin nahi aldaketa horiek. Beraz, oso aste gutxi dauzka Michavilak erreforma hauei ekiteko. Senatura eramango ditu PPk proposamen horiek.
Aldaketak zuzen-zuzenean daude pentsatuta Jaurlaritzaren Estatutu proposamena eragozteko, eta, era berean, Eusko Legebiltzarra SA Sozialista Abertzaleak taldeari dirulaguntzak kentzera behartzeko. Izan ere, dirulaguntzen inguruko ekimen hori aurrera aterako balitz, Juan Mari Atutxa Legebiltzarreko presidentea litzateke delituaren arduradun.
Espainiako Ministro Kontseiluaren asmoen berri jakin duenean, ez duela atzera egiteko asmorik agertu du Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak, eta Legebiltzarrak plana onartzen badu herri galdeketa egingo duela berretsi du.
Espainiako Zigor Kodearen aldaketa
Espainiako Zigor Kodea aldatuko du Madrilgo Gobernuak Ibarretxeren Planari buruzko galdeketa delitua izan dadin
Jaurlaritzaren Estatutu proposamenari oztopo egiteko, Espainiako Zigor Kodean zenbait aldaketa egitea erabaki du gaur Madrilgo Ministroen Kontseiluak. Batetik, "agintari publiko batek funtzio konstituzionalak ebatsi eta legez kanpoko erreferendumak deitzea" delitu izan dadila proposatu du, eta 3 eta bost urteko espetxearekin zigortzea. Bestetik, gaur egun legez kanporatuta dauden alderdiei dirulaguntzak ematea ere delitua izan dadila nahi du —3 urteko espetxea izango litzateke zigorra—. Azkenik, euskal presoen zigorrak gogortzeko ekimen bat proposatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu