Politika

Espainian gaur-gaurkoz egia batzorde bat sortzea "ezinezkoa" dela uste dute

Bi mahai inguru igaro dira gaur goizean Baionan, Espainian eta Euskal Herrian 1936ko gerratik gaur arte “biolentziak izan inpunitateaz” eztabaidatzen.

Eneko Etxegarai Urain.
2018ko otsailaren 3a
18:33
Entzun

Baionako Unibertsitateko anfiteatro handiena bete da goizean Baionako eta Paueko Unibertsitateek antolaturiko jardunaldien azken egunerako. Lau egunez iragan da kolokioa, bi hirietan, eta Hego Ameriketan Egia eta Berradiskidetze Komisioen lana zuen aztergai. Baita Espainian 1936tik gaur arte, hots, 36ko gerran, frankismoan eta euskal gatazkan gertaturikoak argitzeko halako komisio baten sortzea posible ote den ere.

Egia eta adiskidetze batzorde bat sor daitekeen Espainian gaur egun? Erantzun borobila eman dio Jean Pierre Massias Baionako Unibertsitateko irakasle eta hitzaldiaren antolatzaileak eguneko bilanean: “Ez, Espainiako gaurko baldintzetan ezin da”. Iritzi berekoak izan dira mintzaide guziak, eta hori gertatzeko Espainiako Estatuan aldaketa handi bat eman beharko dela argi utzi dute denek: “Inoiz ez dut ikusiko batzorde hori”, adierazi du Paco Etxeberria auzi mediku eta EHUko irakasleak.

“Ezkorrak” ez izatea eskatu du, ordea, Baionako irakasleak, humanitatearen kontrako krimenak eta Espainiako historiaren atal ilunak argitzeko lanean segituko dutelako. “Munduan zehar 40 komisio izan dira; nork erranen zuen Hegoafrikako apartheid-etik bi urtera halako komisio bat sortuko zenik?”. Ikertzeko atal ilunenak zein ziren azpimarratu ditu Massiasek: “120.000 gorpu lurperatu daude oraindik, eta ezin gara iritsi. Munduan inoiz ikusi gabeko egoera da, ez bada Kanbodian beharbada?, milaka torturatu, haur desagertuak…”. Halako batzorde bat sortuko balitz ere biktimekiko “mirakuilurik” ezingo lukeela egin azaldu du, baina: “Permititzen du gertakariak kalifikatzea, diktadoreari diktadore deitzea, humanitatearen aurkako krimena egon dela jasotzea, tortura antolatua izan dela…horretarako balio du”.

Bi mahai inguru antolatuak ziren gaur galdera horri erantzuteko. Lehenean, ibilbide eta historiako momentu ezberdinetako biktimek izan dute hitza. Hauek izan dira hizlariak: Carlos Escartin frankismo garaian torturatutako FRAPeko militante ohia, Axun Lasa GALek bahitu eta erail zuen Joxean Lasa ETAko militantearen arreba, Maixabel Lasa ETAk erail zuen Juan Mari Jauregi Gipuzkoako Gobernadore zibilaren alarguna, eta Petri Sanabria —36ko gerran falangistek bere senideak erail zituzten—. Bigarren mahai inguruan, egia eta adiskidetze batzorde baten sorrera posible ote zen eztabaidatzen aritu dira, Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Paco Etxeberria forentse eta EHUko irakaslea, Iñaki Lasagabaster EHUko irakaslea, Manuel Miranda Espainiako auzitegi konstituzionaleko fiskala, eta Jean Ortiz Espainia eta Hego Amerikako aditua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.