Kataluniako legelarien komunitateari elkartasuna helarazi dio Erabakizaleak legelari taldeak. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako errefendumari buruzko legea bertan behera uzteak eragindako ondorioei buruzko txosten juridikoa idatzi zuen Bartzelonako Abokatutzaren Bazkuneko Defentsarako Batzordeak aurreko astean. Idatzi hori bere egin eta eguneratu du Erabakizaleak, eta prentsaurrean laburbildu dute txostenean bildu dituzten ondorio nagusiak.
Kataluniako auziaren harira azken astean "ekintza juridiko beldurgarriak" gertatu direla salatu dute Miguel Castellsek eta Maria Eugenia Arrizabalagak. Espainiaren jarrerak oinarrizko eskubideak urratzen dituela azaldu dute, botereen banaketa zalantzan jarten duelako: "Politika judizializatzeaz gain, justizia politizatzen baitu".
Hainbat puntu nabarmendu ditu legelari taldeak. Erreferenduma deitzea eta horretan parte hartzea ez dela delitua ziurtatu dute. Halaber, erreferenduma bera legez kontrakoa ez dela ziurtatu dute, eta Espainiako Gobernuaren jarrera "zuzenbide estatuaren oinarrizko zutabeen aurkakoa" dela. Fiskaltzaren jarrera gogor gaitzetsi dute, oinarrizko eskubideen "urraketa latzak" eragin dituelako; besteak beste: epaile arruntak esku hartzeko eskubidea, adierazpen askatasunerako eskubidea, informaziorakoa, elkartzeko eta manifestatzeko eskubideak, ordezkaritza politikoa askatasunez egikaritzeko eskubidea eta askatasunerakoa.
Bihar Bilbora joateko deialdia
Txosten juridikoa aurkezteaz gain, Gure Esku Dago-k biharko Bilbon deitu duen manifestazioarekin bat egin du Erabakizaleak taldeak, eta han parte hartzeko deia luzatu dute. Casillatik abiatuko da mobilizazioa, 17:30ean, eta baabes zabala jaso du.