Espainiaren "oinarri antidemokratikoa" salatu du EH Bilduk, eta "euskal bidearen" aldeko apustua berretsi du

2013ko abenduaren 13a
14:38
Entzun

Kataluniako Gobernuak, CIUk, ERCk, ICVk eta CUPek autodeterminazio erreferendumaren data eta galdera adostu eta biharamunera, Espainiako Gobernuak izandako erreakzioa kritikatu du EH Bilduk. PPk eta PSOEk prozesu subiranistari eginiko "mehatxuak" salatu ditu Maite Ubiria koalizioko kideak, eta uste du horiek Espainiaren "oinarri antidemokratikoa" uzten dutela agerian.

Kataluniako erreferendum deialdia "ona" dela uste du Ubiriak, "ariketa demokratikoa" izango delakoan. Haren ustez, "soilik Kataluniako herriari dagokio bere etorkizunaz erabakitzea". Ubiriak gaineratu du Espainiak egin beharreko gauza bakarra "galdeketa eta erabakia errespetatzea" dela.

EH Bilduk uste du Euskal Herriak "bere bidea" egin behar duela erabakitzeko eskubidea gauzatzeko. Horren harira, koalizioak "euskal bidea zehaztu eta garatzeko" deia egin die eragile sozial eta politikoei.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok adierazi du Euskal Herrian erreferenduma egitea nahi duela azaroaren 10ean, Katalunian, egun bat lehenago egingo den moduan. Independentziari buruzko galdeketa egin nahi duela adierazi du Garitanok. Gaineratu du Espainiako Gobernuak "irtenbidea emateko arazo zaila" duela Katalunian azaroaren 9an egingo den galdeketaren inguruan, eta ondorioz, Rajoiren gobernuak erabaki horren aurrean zer egingo ote duen galdetu du "galdeketa bertan behera" uzteko, "Kataluniako herriak galdeketa egitea" erabaki badu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.