LABek aurten ere ez du Maiatzaren 1ean ekitaldi bakarra egingo, hainbat baizik, Langileon borroka, aldaketaren indarra lelopean. Hogei eskualdetan egingo ditu ekimenak, gaur jakinarazi duenez, eta Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak esan du "Euskal Herriaren esparru politiko-instituzional berriaren eztabaida behingoz mahai gainean" jarri behar dela, eta esparru hori "definitzeko bidea" egiten hasi beharra dagoela.
"Ez da aldaketaz hitz egitera edota aldaketak ekidin nahi dituztenei aukera eman diezaiegutela eskatzera mugatzeko momentua. Aukera sortu dugu, aldaketak behar ditugu eta asko gara aldaketak bultzatzeko prest gaudenak. Aldaketa nahi dugunok egin behar dugun bidea finkatzeko eta bide horretan aurrera egiteko erabakiak hartzeko momentua da. Aldaketa nola bultzatu eta bideratuko dugun adosteko momentua da", dio LABen irakurketak. "Gauzak aldatzeko indarra behar da". Irakurketa hori orain eskualdeetara eramango du, ondoren agiria ateratzeko.
Sindikatuaren ustez, ezinbestekoa da esparru politiko-instituzional berrian langileek eredu sozio-ekonomikoaz erabakiak hartzeko lanabesak izatea.
Nafarroako UGT eta CCOO
Nafarroan UGTk Lizarran egingo du Maiatzaren 1eko ekitaldia eta CCOOk Iruñean. Dena dela, lelo bera izango dute: Eskubidedun lanpostuaren eta gure pentsioen bermearen alde. "Gaurko egoera hobetzeko elkarrizketa sozialaren aldeko apustu irmoa" egin behar dela adierazi dute bi sindikatuek gaur, prentsaurreko banatan. Denbora luzean lanik gabe daudenak, gazteak, emakumeak eta etorkinak gogoan izateko eskatu dute.
UGTren ekitaldia 11:00etan hasiko da, eta Juan Goien idazkari nagusiak hitz egingo du. 12:00etan festa hasiko dute eta 14:00etan bazkaria.
CCOOk 11:00etarako egin du deialdia; bere egoitzaren atarian batuko dira eta 12:00etan manifestazioari ekingo diote -Nafarroako enpresaburuen elkartearen egoitzaren aurrean amaituko dute eta Jose Maria Molinero herrialdeko CCOOko idazkari nagusiak hartuko du hitza-. 14:30etik aurrera, bazkaria.
ekoNOMIA
Esparru politiko-instituzional berria definitzeko bidea egiten hasi beharra dagoela dio LABek
Sindikatuak hogei eskualdetan egingo ditu Maiatzaren 1eko ekimenak. Nafarroan UGTk Lizarran egingo du ekitaldia eta CCOOk Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu