Jose Javier Esparzak ez dio "beldurrik momentu zailetan lan egiteari". Alderdiko kargudun eta kide guztiekin gertutik lanean aritzeko konpromisoa hartu du UPNko zerrendaburuak; "beste behin ere", alderdiak "Nafarroaren etorkizuna" irabaz dezan nahi du.
"Onerako eta txarrerako, UPN denok gara, hau guztion proiektua da eta behar zaituztet", esan du UPNk gaur Tuteran egin duen Alderdi Egunean. "Ohorea" izan da harentzat UPNren hautagaia izatea, eta alderdikideei ziurtatu die ez diela "hutsik" egingo.
Horrez gain, kritikatu du batzuek krisia baliatu nahi dutela UPN Nafarroaren lematik kentzeko, eta gaineratu du ez dutela irtenbiderik proposatzen: "Akatsak egin ditugu, noski, ezinezkoa da ez egitea; baina, hala ere, ez zaie errealitatea ikusi nahi duten horiei jarraitu behar".
Nafarroan euskara "hizkuntza gisa" defenda dadila nahi du Esparzak, eta ez "nazionalismoa elikatzeko tresna modura". Kultura eta folklorea, berriz, "guztiena" izatea aldarrikatu du, "ez gutxi batzuena".
Yolanda Barcina egungo presidenteak "babesa eta zintzotasuna" adierazi dizkio Esparzari, eta UPNko kideei eskatu die "hausturarik gabe" babes dezatela. Barcinaren ustetan, Esparzak erakutsi du gaitasuna duela hauteskundeak irabazteko; kudeaketan duen esperientzia eta elkarrizketarako "prestasuna" nabarmendu ditu. Barcinak dio herritarrek alderdiei eskatzen dieten "freskotasuna" eta "eraberritzea" ekarriko duela Esparzak.
Atzo UPNko Kontseilu Politikoan botoa emandako 208 kideetatik 128k (%61) eman zioten babesa Esparzari; Alberto Catalanek 79 boto lortu zituen (%39) -gaur ez da Alderdi Egunera joan-. Emaitza jakin eta berehala, txalo artean eta "presidentea, presidentea" oihuka hartu zuten Esparza UPNko ordezkariek. Ia denek zoriondu eta besarkatu zuten.