ETB Nafarroan

Espazio erradioelektrikoa zabaltzeko eskatu dio Nafarroak Madrili

Nafarroan ETB ikusi ahal izateko, bigarren multiplex digitala emateko edo multiplex autonomikoa sei kanaletara zabaltzeko eskatu du Nafarroako Gobernuak.

Nafarroan ETB ikustearen aldeko protesta UPNren egoitzan. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
urtzi urkizu
2016ko ekainaren 8a
12:42
Entzun

Beste pauso bat eman du Nafarroako Gobernuak, behin betiko Nafarroan ETB ikus dadin. Espainiako Gobernuari eskaera zehatza egin dio: bigarren multiplex digitala sortzeko edo dagoen multiplex digital autonomikoan kanal kopurua seira zabaltzeko. Nafarroako Gobernuko bozeramaile Ana Ollok adierazi du prozedura horren bideragarritasun teknikoa aztertu dutela: "Ez litzateke kalitate arazorik izango, nahiz eta hori zen kezketako bat". Ollok azaldu duenez, kanal kopurua seira zabaltzeko aukera merkeagoa da: "Gainera, telebista autonomikoek orain baino gutxiago ordaindu beharko lukete, multiplexa partekatuko luketelako". Orain arte, beste autonomia erkidego batzuek bigarren multiplexa eskatu izan dutenean, Madrilek ezezkoa eman die, Katalunian izan ezik.

ETB Nafarroan ikustea ahalbidetuko lukeen prozedura gauzatzearen inguruan ezin izan du datarik eman Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. "Are gutxiago Espainiako Gobernua jardunean egonik, hauteskunde kanpaina bat eta bozak tartean egonik". 

Ollok gogorarazi du maiatzaren 10ean Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanerako protokolo bat sinatu zutela. Hitzarmen horretan bi gobernuak konprometitu dira hartu beharreko neurriak hartzeko, Nafarroan ETB ikus dadin errazteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.