Kalea Guztiona Da herri ekimenak Bilboko Udalak onartutako espazio publikoei buruzko araudiari administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri dio. Atzo goizean aurkeztu zuten. «Espazio publikoen araudia eskubide urratzailea da», salatu zuten. Puntuz puntu, hauek dira egozten dizkioten urraketak:
1. Lege printzipioa
Helegitearen arabera, udal araudi horrek banakoen askatasunak mugatzen ditu. Horretarako eskumena lege mailako arauek baino ez dutela diote, eta, Bilboko Udalak onartutako arauak ez duenez lege mailarik, ez duela horretarako eskumenik.
2. Zehaztasunik ez
Lege batek edozein zigor ezarri aurretik, zigorra merezi duen jarrera edo ekintza zorrotz zehaztu eta deskibratu behar du. Bestela, zigorra ezarriko duenak legea nahierara interpretatzeko arriskua dago. Kalea Guztiona Da ekimenaren hitzetan, araudi horrek ez du printzipio hori betetzen. Hainbat adibide jarri dituzte. Berbarako, exhibizionismoarekin eta kalean sexu harremanak izatearekin lotura duten ekintzak egitea arau-hauste arinak direla dio araudiak. Baina ez du azaltzen zer diren bata eta bestea. Beste horrenbeste gertatzen da kirolarekin edo jolasekin. Auzotarrei enbarazu eginez gero, debekatuta daude, bizilagunei eragoztea zer den argitu gabe.
3. Proportziotasunik ez
Administrazioak zigorrak ezartzean, arau haustearen eta zigorraren arteko proportzioa gorde behar duela dio legeak. Hau da, arau haustearen larritasunaren araberakoa izan beharko du zigorrak. Bilboko Udalaren araudi horrek arau-hauste arinei 750 euroko isuna jartzen die, larriei 1.500 eurokoa eta oso larriei 3.000koa. Horretarako eskumena duen norbaitek herritarren bati bere datuen eta nortasunaren berri emateko eskatu eta uko egiten badio, arau-hauste larria egin duela dio araudiak. Alegia, 1.500 euro arteko isuna jaso ahal izango du. Kale Guztiona Da ekimenak auzitan jarri du hori helegitean.
4. Erruaren transmisioa
Errugabetasun printzipioak dio, besteak beste, araua hautsi duenari baino ezin zaiola ezarri zigorra. Kalea Guztiona Da ekimenak, ordea, udal araudi horrek erruduntasuna transmititzen duela salatu du. Izan ere, 124. artikuluan dio adingaberen batek arau-hausteren bat egiten duenean, erantzukizuna haren zaintza dutenen esku geratuko dela.
5. Biltzeko eskubidea
Espazio publikoan elkartu eta ekintzak antolatzea oinarrizko eskubidea da. Araudi horren IV. tituluak, ordea, kalean egingo diren astialdi, kultura eta kirol ekintzak arautzen ditu. Herri ekimenak jarritako errekurtsoaren arabera, biltzeko eskubideari mugak jartzen dizkio.
6. Ekintza eskubidea
Araudiaren 112. artikuluak kalean informazio mahaiak ezartzeko eskubidea arautzen du. Besteak beste, aurretik baimena eskatu beharko dela dio. Ekimeneko kideen esanetan, elkarte eta gizarte eragileek duten ekintzarako eskubidea urratzen du horrek. Horrez gain, ez du zehazten sindikatu eta alderdi politikoek beste horrenbeste egin beharko duten. Hori hala balitz, are larriagoa litzatekeela diote.
«Espazio publikoen araudia eskubide urratzailea da»
Kalea Guztiona Da ekimenak Bilboko Udalak onartutako araudiari auzi-helegitea jarri dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu