Joseba Urrusolo Sistiaga euskal presoari espediente bat zabaldu diotela eta, asko agertu dira erabaki horren aurka. Espainiako espetxe administrazioak ireki dio espedientea, SER irrati katean elkarrizketa bat emateagatik. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, esaterako, salatu du Langraizko bidearen aurkako neurri bat dela. PSE-EE eta Ezker Anitza ere neurriaren kontra agertu dira.
A vivir que son dos días saioan parte hartu zuen Urrusolok, beste hainbat kiderekin. Iñaki Garciarekin batera aritu zen hizlari —haren aita Komando Autonomo Antikapitalistek hil zuten, 1980an—, eta Angel Gabilondo filosofoak, Ander Gurrutxaga soziologoak eta Juan Maria Uriarte gotzain emerituak ere egin zuten ekarpena saioan.
Hala mintzatu zen Urrusolo: "Bagenekien biktimak eragiten genituela, baina egin behar zela uste genuen; ez genuen nahi biktimarengan konkretuki asko pentsatu". Urrusolok esan zuenez, une batean "zalantzan jarri" zuen egiten ari zirena: "Denbora neraman pentsatzen honek bukatu egin behar zuela, baina ez dakizu nola aurre egin".
Urrusolok azaldu zuen hainbat kiderekin hitz egin zuela eta adostu zutela biktimekin hitz egin behar zutela. "Momentu hura berezia izan zen; guk argi ikusten genuen, baina gure inguruan mesfidantza zegoen, baita egin genuenaren aurka zegoen jendearen aldetik ere". "Hitz egin behar genuen, hori delako elkarbizitzaren gaiari aurre egiteko modua".