Kantonamenduetako hauteskundeak. Marie Christine Aragon. Hautagai sozialista

«Espero dut herritarrek Sarkozy hautestontzien bidez zigortuko dutela»

Alderdi sozialistaren zerrendaburu Baiona ekialdean aurkezten da Aragon; kantonamenduan nagusi ateratzeaz gain, Kontseilu Nagusian inoiz lortu ez duten gehiengoa lortzea du helburu.

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Lurralde erreforma dela eta Ipar Euskal Herriaren geroaz kezkaturik da, batez ere Garapen eta Hautetsien Kontseiluak desagertuko direlako. Orain arteko Pays egiturarekin satisfos zen eta Baterak egin proposamenaz iritzirik ez du, ez duelako «zehazki begiratua».

Zein balorapen egiten duzu Kontseilu Nagusiak azken sei urteetan egin lanaz?

Eskuineko Kontseilua zen, nahiz ezkerrak eta eskuinak aulki banaketan berdintasuna ukan, presidentetzak du boterea. Boterea ez genuenez, dozierrak zailtasunekin eta berantarekin eskuratzen genituen, eztabaidagaien ordenua ez genuen erabakitzen, beraz influentzia ukan arren, botererik ez ukanki zaila zen.

26 aulkina dituzue, gehiengoa lortzea da zuen helburua.

Bai, orain arte ditugunak normalki behar genituzke atxiki eta horiez gain beste batzuk ere lortu behar ditugu, gehiengo zabala ukaiteko. Pirineo Atlantikoetako Kontseilua 220 urtez eskuin gelditu da. Aski da!

Itxaropentsu zara?

Bai, santza handiak ditugu. Gainera eskuinak bai lokalki bai nazio mailan duen politikak laguntzen gaitu. Izan dadin lurralde berrantolaketaren erreforma, erretreten sistema, Justizia ala postan, polizia ere greban jarri da, ez da inoiz horrelakorik ikusi. Beraz herritarrek politika horihautestontzien bidez zigortuko dutelako esperantza badut bai.

Zein da beraz bozketa garai horretan pasarazten duzuen mezua?

Mezua zabala da: justizia sozial gehiagora itzuli beharra dugu,aberastasunak banatu beharrak ditugu. Aberatsendako goxoa eta pobreentzat gogorra den politikarekin gelditu behar dugula diogu.

Kontseilari bihurtzen bazara zein dira gauzatu beharreko egitasmourgenteenak?

Anitz dira. Lehenik elkartasuna bistan da; zaharrekin, batetiketxean geratzen laguntzeko baina ere zahar etxeei begira. Bestalde, etxebizitzari dagokionez, gazte, zahar edota elbarrituei zuzenduriko etxebizitzak behar dira. Horri lotzen dugu beharrezkoa den aniztasun soziala baita funtzioen aniztasuna. Jendeak hirian sarrarazi beharra ditugu zeren ohartzen gara zentro komertzial, artisau eta industria gune eta etxebizitza sozialak hiritik bazter direla geroz eta gehiago eta gune hauetan zerbitzuak eskas direla. Garraioen arazoa horri lotua da ere. Bestalde gazteen eta orokorki prekarioen bazterketaren arazoa ere konpondu beharra da. Enpleguari dagokionez, enpresak laguntzea beharrezkoa da, baina baldintza pean: luzerako tokian geldituko diren eta hitzarmen kolektiboak errespetatzen dituzten enpresak lagunduko ditugu. Aktibitate ekonomikoaren bidezko gizarteratzea bultzatuko dugu ere. Kolegioei begira ere askonahia behar du departamenduak, zeren departamenduak 10 urteren beranta du.

Anitz egitasmo beraz. Nahikeria bai baina gauzatzeko ahalak ba al dira?

Bai eta ez. Lehen arazoa da aurtengo aurrekontua jada bozkatua dela. Egitasmo batzuk abiarazten ahalko ditugu aurten, baina guztiak ez. Besteak 2012k aitzina.

2012tik 2014 arte, lurralde erreforma dela eta. Justuki, Ipar Euskal Herriaren geroaz kezkaturik al zara?

Bai bistan da. Garapen eta Hautetsien Kontseiluak mantendu beharra ditugu, Estatua, eskualdea, departamendua eta Pays egituraren arteko hitzarmenak izenpetzeko aukerak jarraitu behar du. Eta Euskal Lurralde Elkargo baten alde al zara?

Gaur egungo egoera ontsa zait, aski zait. Duela urte zenbait euskal departamenduaren alde nintzen, bainaIpar Euskal Herriari ezagupen bat emanen digulakoan lurralde erreforma hau bermatzea, hori ez.

Baina erreforma horrek ez du ezer proposatzen Euskal Herriarentzat.

Egia da. Baina nik nahiago dut beste erreforma bat planteatu eta orduan bai hitz eginen dugu zer den Ipar Euskal Herriak behar duena eta ikusiko dugu.

Bateraren proposamenaz zer diozu?

Ez dut zehazki begiratu zer duten proposamena.

Pertsonalki Baiona ekialdean aurkezten zara. Nahiz duela sei urte sozialistek irabazi, luzaz eskuin bozkatu da kantonamendu horretan. Uste al duzu usaia hori iragana dela?

Ezkerreko kantonamendu bat dela uste dut, ez da eskuineko kantonamendua, erran nezake Grenetista dela. Beraz Grenet edo hurbilekoa zuen Jean-Rene Etxegarai zenean bai eskuin bozkatu dute, baina geroztik berriz ezkerrera itzuli dira.

Eskuinean hautagai anitz dira bainaezkerrean ere bai. Batzuekinbatzen saiatu al zarete?

Solasaldiak izan dira departamendu mailan, kantonamenduaren mailan ez. Ezkerreko Frentearekin, Europe Ecologie Berdeekin bildu gara, ABrekin ere informalki bildu gara. Ez dugu lortu baina espero dut bigarren itzulirako batuko garela. Batasunera deitzen dut, gehien boz ukanen dituen hautagaia sostengatzeko deia egiten dut, izan sozialistak edo beste bat.

Lehiakidek diote orain arteko kontseilaria Jerome Agerre (PS) ez zela usu Kontseiluan. Zer diozu ohar horretaz?

Ez denean ezer errateko horrelakoak erraten dira. Jakin behar da kantonamendu horretan ez dela dozier ikusgai handirik eta gainera ezkerrekoa eta oposiziokoa izanki erabat zaila dela hemen komunikatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.