Prozesu judizialek eta espetxe sistemak buruko gaitzak dituzten pertsonei ematen dien arreta hizpide izan dute egunotan Donostian, Arrats elkarteak kartzela eta gizarte bazterketari buruz antolatutako jardunaldietan. Gaia aztertu duten adituen artean Lourdes Chasco egon da, espetxe zuzenbideko abokatua.Datuak ez dira baikorrak. 2007ko ikerketa baten arabera, Espainiako espetxeetan dauden presoen laurdenek gaitz psikiatrikoren bat dute, eta, presoek izan ohi dituzten mendekotasunak kontuan hartuz gero, presoen erdiek dute buruko gaitzen bat.
Ez da ulertzen espetxe sistema batek halako datuak izatea.
Etxea sabaitik egiten hasi ginelako heldu gara egoera horretara. Delitu bat egin duen pertsona zuzenean espetxera eramaten da, eta horrek azkena izan beharko luke. Horren aurretik prebentzio lana egin beharko litzateke; buru osasunaren zaintza hobetzeko politikak, esaterako.
Norbait atxilotzen dutenetik espetxeratu bitartean, pertsona askoren aurretik pasatu behar du, esaterako: poliziak, idazkari judiziala, fiskala, epailea, ofiziozko abokatua edo bere abokatua eta espetxeko medikua. Harritzekoa dena da inork ez atzematea pertsona horrek buruko eritasun bat duela. Zergatik gertatzen da hori?
Esparru guztietan daude zuloak, eta horietatik sartzen dira gerora espetxeetara doazen gaixoak. Esaterako, instrukzioko fasean, askotan, ez da egiten ustez delitua egin duen pertsonaren azterketa sakonik. Gertaerak ondo aztertzen dira, baina gehienetan bestelakoak ahazten dira: mendekotasunak, buruko gaitzak...
Espetxean hori zuzentzeko lanik egiten al da?
Aurreko prozesuan ezer atzeman ez bada ere, badaude tresnak egoera zuzentzeko. Espetxean gizarteratzeko lan egiten dela pentsatzen da, eta espetxeratzean pertsonaren osasun azterketa serioa egin behar dutela.
Espetxeak buruko gaitzak agerrarazten al ditu?
Askatasuna terapeutikoa dela entzun nuen behin, eta horrela da. Buruko gaitzik ez duen pertsona bat espetxeratuz gero, eta barruan ezin badu ezer egin, gaixotuko da. Aurretik gaixotasunak dituztenak behar bezala artatzen ez badituzte, irteerarik ez duen egoera batean sartzen da. Horretaz gain, bere buruaz beste egiten duten presoen datuak kezkagarriak dira.
Nola zuzen daiteke egoera hori?
Espetxe barruan norbait sendatuko dela pentsatzea inozokeria da. Beren burua hiltzeko arriskua duten pertsonei, esaterako, egungo programez haragoko beste zerbait eskaini behar zaie.
Profesional espezializatuen falta gogorarazi duzue Arratsen jardunaldietan.
Ospitale-espetxe psikiatrikoak egon badaude, eta horra eramaten dituzte buruko osasuna gehien zaindu beharko luketen pertsonak, oro har profesional kopurua lotsagarria delako. Espetxe gehienetan psikiatrarik ez dagoenez, gaixo batek krisiren bat duenean ohiko sistemara bideratzen dute, baina krisia pasatu eta berehala espetxera itzultzen dute.
Preso egoteak zer eragin du gaixotasunaren zaintzan?
Psikiatria modernoak gaixoak toki itxietan sartzea baztertu du, krisi egoera batzuetan izan ezik. Espetxeetan kontrakoa gertatzen da. Jendez gainezka daude, zer egin ez dakitela, eta ospitale-espetxe psikiatrikoetan are pilatuago daude.
Hala ere, bi ospitale-espetxe baino ez daude Espainian: bata Sevillan eta bestea Alacanten.
Eta eskerrak eman beharko genituzke gertuago ez ditugulako! Izan ere, gertuago egongo balira, hara pertsona gehiago eramango lituzkete. Helburua izan behar du modu horretako azpiegiturak desagertzea.
Zein da aukera egokiena?
Buruko gaitzak artatzeko sistema bat izatea, preso egon edo ez.
Nafarroak eta EAEk espetxeen eskumena izateak lagunduko luke?
Espetxeen ardura Espetxe Instituzioen Idazkaritza Nagusiaren menpe dago, baina espetxeetako osasun sistema, nahiz eta horretarako aukera egon, ez dago Jaurlaritzaren edota Nafarroako Gobernuaren esku. Espetxeetako osasun sistemaren eskumena eskualdatuko balute, presoak gainerako herritarren moduan artatu beharko lirateke, Osakidetzan edo Osasunbidean.
Kartzela erraldoiek eragiten al dute preso daudenen asistentzian?
Eraikina bera garrantzitsua da, ez baita gauza bera kartzela erraldoi bat edota hobeto kudea daitekeen espetxe bat. Espetxeko zerbitzuez gain, aterako direnentzako zerbitzuetan ere pentsatu behar da. Tratamenduan edota aterako direnei beharrezko baliabideak eskaintzeko orduan eragiten du.
Sektoreen arteko elkarlanik badago gai honetan?
Lanerako protokolo bat beharko genuke, eta eragileen arteko koordinazio handiagoa: gizarte zerbitzuak, osasun zerbitzuak, laneratzeko zerbitzuak, espetxeak... Horretarako, dirua behar da, eta zaila gertatzen zaie inbertsio hori egitea. Okerra da: orain jartzen ez den dirua aurrerago erabili beharko delako espetxeren batean, askoz egoera ezatseginagoan.
«Espetxe barruan norbait sendatuko dela pentsatzea inozokeria da»
Buruko gaitzak dituzten presoak artatzeko profesionalak falta direla dio, eta eri horiek osasun sistemaren esku uzteko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu