Kartzelak

Espetxe berririk egin ez eta lehengoak zaharberrituko ditu Espainiako Gobernuak

Gipuzkoan, Zubietan egitekoak ziren kartzela berria, baina uda aurretik gelditu zuten obrak emateko lehiaketa. Nafarroan, Iruñeko kartzelan hiru modulu bakarrik daude lanean, kartzelazain gutxiegi daudelako.

Berria.info
2012ko urriaren 9a
16:18
Entzun

Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak ez du kartzela berririk altxatuko oraingoz. 2013ko aurrekontua aurkeztu du, eta oraindik obra emateko lehiaketa bukatu gabea zuten proiektuak ez dituztela egingo azaldu du gaur Angel Yuste Espetxeetako zuzendariak.

Yustek ez du zehaztu, baina egoera horretan zegoen Gipuzkoako espetxea, Zubietan egitekoa zena. Obrak egiteko lehiaketa hasia zen, baina udaberrian prozedura geldiarazi zuen Espainiako Gobernuak. Airean egon da Zubietako kartzelaren geroa, gaur Yustek argibide batzuk eman dituen arte.

Aurten baino %4,5 txikiagoa izango da Barne Ministerioaren aurrekontua. 1.142 milioi euro izango ditu. Espetxe berririk ez egitetik aurreztutako dirua kartzela zaharrak egokitzeko erabiliko dutela azaldu du Yustek.

Aurreko gobernuaren kudeaketa "penagarria" izan dela erantsi du Espetxe zuzendariak. Eraikuntza berriak egiteko proiektuak onartu ziren, egoera ekonomikoa eta kartzela berri horietan zenbat langile beharko ziren aintzat hartu gabe, Yusteren hitzetan. Iruñeko kartzelan, adibidez, hiru modulu bakarrik ari dira lanean, kartzelazain nahikorik ez dagoelako.

Aurrekontuei egindako mozketek ez diete osasun eta bergizarteratze proiektuei eragingo, Yusteren arabera. Hori bai, kartzelen kanpoko aldeko zaintza zerbitzua pribatizatuko duela iragarri du Yustek. Hego Euskal Herrian bizkarzain gisa lanean aritutakoak hartuko dituzte lan horietarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.