POLITIKA

Espetxe eskumena Jaurlaritzaren esku uzteko aukera "serioago" hartzeko eskatu dio Erkorekak Madrili

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak uste du urrats horrek "bakea egonkortzeko" balio dezakeela, eta salatu du Espainiako Gobernuak, exekutiboan PP nahiz PSOE egon, "era guztietako argudioak" erabili izan dituela eskumena Jaurlaritzaren esku ez uzteko.

2013ko urtarrilaren 21a
12:53
Entzun

Bakea "egonkortzeko", Espainiako Gobernuak "serioago" hartu behar du espetxe politiken eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko aukera. Hori esan du gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Haren ustez, hori eginez gero, administrazio guztiak "elkarlanean" aritu daitezke lanean "giroa lasaitu" eta "bakea egonkortzeko".

Onda Vascan elkarrizketatu dute Erkoreka. Bertan azaldu du espetxe politika Jaurlaritzaren esku uztea eskaera "historikoa" dela eta exekutiboak horretarako tresnak bilatuko dituela. Erkorekak esan du orain arte "beti erantzun berdina" jaso dutela, eta horretan ez dagoela ezberdintasunik PPren eta PSOEren artean: "Hemen esaten dutena esaten dutela, euren Madrileko nagusiak kontra azaldu dira sistematikoki". Espainiako Gobernuak "era guztietako argudioak" eman ditu eskumena Jaurlaritzaren esku ez uzteko, Erkorekaren esanetan. Egungo egoera, ETAk jardun armatua behin betiko utzita, "ezberdina" dela defendatu du Jaurlaritzako eledunak.

Gainera, Erkorekak esan du Eusko Jaurlaritzak dagozkion eskumenak defendatuko dituela, bereziki "oinarrizko zerbitzu publikoei" lotutakoak. Izan ere, uste du PPk krisi ekonomikoa baliatu nahi duela eskumenak "berzentralizatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.