ETA-ren su-etena

Espetxe politika aldatzeko asmorik ez duela agertu du Rubalcabak

Jose Antonio Rubalcaba Espainiako Barne ministro berriak aurreneko agerraldia egin du Espainiako Kongresuko Barne batzordean, eta ETAk su-eten iraunkorra eman ondorengo egoera izan du hizpide nagusi. Prozesuak "oinarri sendoak" dituela agertu du, baina, hala ere, oraindik ziurtasun bat falta zaiela erantsi du: ETAk indarkeria laga nahi duela guztiz egiaztatzea. Espetxe politikan ez duela aldaketarik aurreikusten erantsi du.

2006ko maiatzaren 17a
12:03
Entzun
"Duela bi hilabete ETAk su-eten iraunkorra eman zuen; ordutik su-eten horren hedadura eta egiazkotasuna frogatzen aritu da Gobernua. Uste dugu prozesuak oinarri sendoak dituela, baina era berean, gogorra, luzea eta zaila izango dela diogu. Gainera badu oraindik iritsi ez dugun abiapuntu bat: ETAk indarkeria laga nahi duela ziur jakitea", esan du.

Nolanahi ere, epe laburrean "abiapuntutzat" jo duen "konbentzimendu" horretara iristeko asmoa agertu du. Une hori heltzen denean joango dela Zapatero Espainiako Kongresura erantsi du, eta, gainera, aurretik emango dituen urratsak zehaztu ditu: Terrorismoaren Aurkako Itunaren bilera egingo dute, eta Kongresuko Sekretuen Batzordean agerraldia egingo du.

Espetxe politikan oraingoz ez duela aldaketarik aurreikusten erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.