Euskal Presoak

Espetxe politika aldatzeko "pauso eraginkorrak" nola eman eztabaidatu du Herrira-k

Aurreneko Nazio Bilgunea egin du Irungo Ficoban. Mugimenduaren erronkez, xedeez eta nolakotasunez eztabaidatu dute. Urtarrilaren 12an Bilbon ikusi zen aldarrikapena herri eta hirietan ikusarazi nahi dute aurten. Horretarako, mugimendu ireki eta parte hartzailea osatu nahi dute. Salbuespen neurriak kentzeko akordioa soziala artikulatzen saiatuko dira.

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko urtarrilaren 26a
17:32
Entzun

44 orrialdeko ponentzia eztabaidatu dute Herrira-ko herri bilguneetako 250 bat lagunek, Irungo Ficoban. Euskal presoen eskubideen alde urtarrilaren 12an Bilbon egin zuten manifestazio handiaren ondoren, helburuak eta lehentasunak zehaztu, ahulgune eta gaitasunak identifikatu eta aurrera bidean nola lan egin erabakitzeko.

Mugimendu parte hartzailea izateko helburua du Herrira-k. Ponentziari aurkeztutako emendakinak azaldu, eztabaidatu eta bozkatu dituzte. Fran Baldak azaldu duenez, gaur baino lehenago ere parte hartu dute Herrira nilguneetako kideek, ponentzia osatzeko lan bilerak egin dituztelako, emendakinak aurkezu eta abar —berrehun Herrira bilgune baino gehiago osatu dira—. Bilboko manifestazioan izan zen jendeak mezu bat eman nahi izan ziela uste dute: presoen eskubideen aldeko manifestazio erraldoian ikusi zen jendetza antolatzea. Horretan saiatuko dira.

"Gure mugimenduari dagokionez, hauxe da gure asmoa: giza eskubideen, gatazkaren konponbidearen eta bakearen pankartari ekarpen eta konpromiso gehiago gehitzea. Horretarako, herritarrekin batean jarraitu behar dugu lanean, eragile politiko, sindikal eta sozialekin, eta, orain, hauxe da gure eginkizuna: Bilboko kaleetako indar eta ilusio hura herri, hiri eta auzo guztietara eramatea", adierazi du Baldak Irunen, hedabideen aurrean.

Ponentzian jasotzen denez, helburu argiak ditu Herrira-k hasi berri den urterako. "Salbuespen neurriak gainditze aldera akordio sozial berri bat artikulatzea", eta neurri horiek amaitzeko "[Espainiako eta Frantziako] gobernuei presioa egitea", besteak beste. Horretarako, mugimendua indartu eta hedatu nahi dute. "Mugimendu zabala, irekia, parte hartzailea, dinamikoa, herritarra, berritzailea, eraginkorra, anitza eta elkartasunezkoa" eratu nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.