Politika

Espetxe politika aldatzen saiatzeko deiari gizarte eragileek egin dioten harrerarekin baikor da AAM

AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak batzarra egin du gaur goizean, Donostian, gizarte eta sindikatuetako eragileekin. Izan ere, espetxe politika egun gatazkako "elementu bortitzena" dela uste du AAMk, eta, beraz, aldarazi beharra dagoela. Aldaketa hori gauzatzen ahalegintzeko babesa eskatu die AAMk gizarte erakundeetako eta sindikatuetako ordezkariei, eta haiekin konpromiso zehatzak adosteko ahalegina egingo du. Jaso duten harrerarekin baikor dira.

2005eko azaroaren 26a
18:13
Entzun
ELA, LAB, ESK eta EHNE sindikatuek, Bai Euskal Herriari ekimenak, Euskadiko Gazte Kontseilua, Duina eta Segi gazte mugimenduek, AEK-k, Torre de Babel eta Hegoaren Sarea elkarteek parte hartu dute AAMk antolatuta Donostiako Ibaetako kanpusean egin den bilkuran.

Estanis Etxaburu AAMko kideak agertu duenez, Espainiako eta Frantziako gobernuak aurrera eramaten ari diren espetxe politikaren berri ematen diete eragile horiei guztiei, eta, halaber, oharrarazi diete politika horixe dela egun gatazkako "elementurik bortitzena". Ildo horretatik, aldarazteko saioa egin beharra dagoela adierazi die, eta guztiek batera agiri edo konpromiso zehatz bat adosteko proposamena egin.

Adostutako konpromiso horrek presiorako tresna izan beharko lukeela iritzi dio Etxaburuk, eta, ondorioz, mobilizazioetarako manifestu edo erakundeetan aurkezteko mozio forma hartu beharko lukeela.

Gizarte erakundeetako eta sindikatuetako ordezkariek beren deiari harrera ona egin diotela nabarmendu du AAMko kideak, eta gaurko batzarrak izan ditzakeen emaitzen inguruan baikor agertu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.