Zigor eta espetxe arloetako politikan proposamen berria aurkeztuko dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez. Espainiako bozen ostean, "bizikidetzarako" akordioa lortzeko proposamena aurkeztuko du Jaurlaritzak, zoru etikoan oinarrituta. Eta udazkenean, giza eskubideak urratu eta aitortu gabe dauden biktimei aitorpena egiteko lege egitasmoa aurkeztuko du.
Bakerako lan taldeari buruz esan du "blokeoa" dagoela ondoko hiru arlotan: armagabetzean, presoen auzian eta iraganari buruzko hausnarketa kritikoan. Horiek horrela, ETAri "baldintzarik gabe" desegiteko eskatu dio, eta euskal presoei banakako espetxe onurak balia ditzatela.
Autogobernua ere hartu du hizpide Urkulluk. Legebiltzarreko lan taldearen eztabaidan dauzka jarrita itxaropenak lehendakariak, eta autogobernuan aurrera egiteko, alde biko akordioan sinesten duela esan du. "Estatuaren izaera nazioanitza aitortu eta autogobernuari dagokion maila ematea ezinbestekoa da".
Egoera ekonomikoa hobera, baina "apal"
Arratsaldean, EAJko bozeramaile Joseba Egibarrek Jaurlaritzaren jarduna defendatu du. Aitortu du lege batzuk atzeratu egin direla, baina gaineratu hori alderdien errua ere badela. Egoera ekonomikoa "hobera" doala nabarmendu du, nahiz eta aitortu "apal" ari dela. Erakundeen arteko akordioak bilatzean dago gakoa, bere ustez.
Indarkeriaren "irakurketa partzialak" gainditzeko deia luzatu du Egibarrek: "ETAk erantzukizun handia izan du, baina beste indarkeriak daude".