“Bateraezina da gaixotasun larri bat izatea eta espetxean egotea. Eta, gainera, giza eskubideak urratzen ari zaizkie egoera horretan daudenei”. Hori salatu dute Aitzol Gogorza eta Mikel Arrieta presoaren herrikideek, Errenterian eginiko agerraldi jendetsu batean.
Bi preso horien askatasuna ez ezik, “salbuespen neurriak” ezarrita espetxean jarraitzen duten beste guztiena ere galdegin dute. Horretarako, instituzio, alderdi eta gainerako eragileei eskatu diete espetxe politika elkarren arteko lehiatik kanpo uzteko. “Espetxe politika konfrontazio klabeetatik konponbide klabeen aldeko urratsak ematea eskatzen diegu, salbuespen neurriekin amaituz, non giza eskubide guztiak errespetatuak izango diren”.
Gogorza Basauriko espetxean (Bizkaia) dago, baina, azpimarratu dutenez, baldintzapean aske egon beharko luke, zigorraren hiru laurdenak beteak dituelako, Espainiako Espetxe Araudiaren 100.2 artikuluaren arabera —graduen aldaketa arautzen duena—. Dena den, neurri hori ez diote ezartzen, euskal presoei artikulu horretan jasotzen diren baldintzez gain, beste batzuk ere eskatzen dizkietelako.
Mikel Arrietak, berriz, 57 urte ditu, eta Algecirasen (Espainia) espetxeratua dago, Errenteriatik 1.100 kilometrora baino gehiagora. Hamazazpi urte daramatza kartzelan. Azaldu dutenez, orain dela zazpi urte hasi zen gaixotasun zantzuak izaten, baina, espetxe aldaketen ondorioz, ezin zioten jarraipen mediko egokirik egin. Urtarrilean egin zioten diagnosiaren arabera, Arrietak espondilartropatia kroniko seronegatiboa du: gaixotasuna larria, sendaezina eta degeneratiboa.
“Etsipenera kondenatu nahi gaituzte, baina herri honek aspaldi egin du konponbidearen aldeko hautua”, nabarmendu dute bi preso horien herrikideek. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute herritarrak “ikusle izatetik protagonista izatera pasatzea”: “Bakoitzak bere eremutik ekarpenak eginez lortuko dugu giza eskubideen urraketak amaitzea”.