"Damutzen diren presoei ez diegu [kartzela] zigorra murriztuko, inola ere ez". Hala esan du gaur Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministroak Onda Cero irratian egin dioten elkarrizketan. Gainera, iragarri du gobernuak Zigor Kodearen aldaketa aurkeztuko duela aurki, eta hor zigor mota berri bat sartuko dutela "terrorismo delituen" kasuetarako: "Berraztertzen den kartzelaldi iraunkorra".
Neurri horrekin "ahal den gehien gogortu" nahi dute euskal presoei buruzko politika, Justizia ministroak ohartarazi duenez. Izan ere, "ETAko presoekiko irizpide irmoa" dutela adierazi du, eta zigorrak betetzea "zuzenbide estatuaren exijentzia" dela.
Espainiako Barne Ministerioak duela bi hilabete pasatxo presoen "gizartzeratze" plana aurkeztu zuen.