euskal presoak

Espetxe politika "krudelak" Euskal Herrian ireki den prozesuan traba egiten duela salatu dute milaka pertsonak Donostian

Milaka lagun bildu dira Donostian, presoen aldeko oihu artean, espetxe politika aldatzeko eskatuz. Manifestazio burua Askatasunaren etorbideko zubian zela, atzekoak Aietera igotzeko aldaparen parean zeuden. Presoen etxeratzearen eta amnistiaren aldeko oihuak izan dira nagusi. Urtarrilean mobilizazio erraldoia egiteko deia egin dute.

2011ko irailaren 17a
20:01
Entzun

Egin Dezagun Bidea herri ekimenak deituta milaka eta milaka pertsona bildu dira gaur Donostian espetxe politikaren "krudeltasuna" salatu eta Euskal Herrian ireki den prozesuan traba egiten duela adieratzeko. Mari Feli Etxeandiak eta Beñat Zarrabeitik irakurri dute manifestazio amaierako adierazpena, eta presoen eskubideak "berehala" errespetatu daitezela eskatu dute.

"Ezin dugu onartu krudeltasun honek minutu bat gehiago iraun dezan", esan du Etxeandiak. Adierazpenean azpimarratu dute Euskal Herrian ireki den prozesuaren kontrakoa dela presoen kolektiboaren aurkako politika, eta 197/2006 bezalako doktrinekin presoei 30 eta 40 urte barrura arteko "mendeku eta errepresioa" ezartzen zaiela. Horregatik, presoen eskubideen alde mobilizatzera deitu dute.

"Espetxe politika honek ez du lekurik giza eskubide guztien errespetuan oinarritzen den aro berrian", adierazi du Zarrabeitiak. Beste batzuen artean, bizi arteko espetxe zigorrak amaitu eta hori ezarri zaien presoak askatzeko, zigorraren hiru laurdenak beteta eta gaixo dauden presoak askatzeko eta presoen hurbiltzeko eskatu dute. Urtarrilean mobilizazio erraldoia egiteko deia egin dute.

Oihuak manifestazio hasieratik

Manifestazio hasieran presoen aldeko oihuak oihukatu dituzte parte hartzaileek, batik bat, presoak etxeratzearen eta amnistiaren alde, eta ibilbide osoan horiek izan dira gehien nabarmendu diren aldarrikapenak. Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira. Egin dezagun bidea leloa eraman dute manifestazio buruan.

Hasteko ordu erdi falta zela jende andana somatu zitekeen jada Antigua auzoaren inguruetan. Gero, manifestazio burua Askatasunaren etorbideko zubian zela, atzekoak Aietera igotzeko aldaparen parean zeuden. Nafarroako bandera, presoen eskubideen aldeko pankartak eta Euskal Herriratzea eskatzeko pegatina ugari ikus daitezke inguruetan. 

Eguraldiak lagundu ez duen arren, erantzun zabala izan du deialdiak. Manifestazioan zeuden, besteak beste, Rafa Diez eta Amaia Esnal. Lehenengoa atzo hamar urteko espetxe zigorrera zigortu zuten Bateragune auzian; bigarrena absolbitu egin zuten. Rufi Etxeberria, Maribi Ugarteburu eta Niko Moreno ezker abertzaleko kideak ere manifestazioan zeuden, baita Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia ere. Pankartari eusten Ramon Agirre aktorea zegoen, beste batzuen artean. Jon Agiriano preso ohia ere manifestazioan zen.

"Indar metaketa"

Espetxe politika amaitzeko giltza indar metaketa dela adierazi dute aste honetan deialdiari babesa agertu dioten eragileek, besteak beste, ezker abertzaleak, Alternatibak, EAk, Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak; LAB, Hiru, EHNE, ESK eta EILAS sindikatuek, eta Lokarri eta Bilgune Feminista elkarteek.

Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak ere eman du atxikimendua, eta arte eszenikoetako 40tik gora profesionalek bat egin dute ekimenarekin, besteak beste manifestaziorako deia egiten duten bideoetan parte hartuz. Horietako zenbait ere manifestazioan zeuden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.