Espainiako Gobernuak ez du aldatuko euskal presoei aplikatzen zaien espetxe politika. ETA «behin betiko desagertu arte» indarrean jarraituko du, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak adierazi duenez, helburu hori lortzeko «tresna indartsua eta eraginkorra» delako. Nabarmendu duenez, Espainiako Gobernuak «adimenez» eta «zorrotz» kudeatuko du espetxe politika.
Azken asteetan ugaritu egin dira espetxe politika aldatzearen aldeko ahotsak. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta EAJk espetxe politika «malguago» bat eskatu dute, eta, besteak beste, presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzeko eskatu dute. Ezker abertzaleak, herenegun eginiko agerraldi batean, euskal presoen aurkako neurri guztiak eteteko eskatu zuen, «arrazoi politiko eta humanitarioengatik». Ezker abertzalearen arabera, neurri hori hartu beharko luke Espainiako Gobernuak konponbide prozesuak aurrera egin dezan.
Fernandez Diazentzat, baina, «ezer gutxi aldatu da terrorismoaren aurkako borrokan». Eta adierazi du ez dela nahikoa ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri izana eta beharrezkoa delaerakunde armatuaren behin betiko amaiera espetxe politikan edozein aldaketa egin aurretik. Helburu hori lortzea izango da, haren hitzetan, terrorismoaren kontrako politikaren eta espetxe politikaren erronka nagusia.
Onda Cero irratian eginiko elkarrizketa batean, Fernandez Diazek berretsi egin du Barne Ministerioak legea zorrotz aplikatuko duela espetxe politikarekin lotuta dauden gai guztietan, eta ez dela presoentzako «pribilegiorik» izango. Espetxealdia arintzeko neurriei buruz, Barne ministroak esan du eskaerak banan-banan egin beharko dituztela presoek, eta legeak agintzen dituen baldintza guztiak bete beharko dituztela: egindakoaz damutzea, biktimei barkamena eskatzea eta egindako atentatuek sortutako kalte-ordainei aurre egitea.
Polizia eta Guardia Zibila
Halaber, Fernandez Diezek berretsi du kendu egingo duela Poliziaren eta Guardia Zibilaren lana koordinatzen zuen zuzendaritza nagusia. Aurreko gobernuak sortu zuen egitura hori. Orain zuzendari bana egongo dira: Polizian, Igancio Cosido; eta, Guardia Zibilean, Arsenio Fernandez de Mesa. Ignacio Ulloa Segurtasunerako Estatu idazkariak koordinatuko ditu bien lanak.
Espetxe politika «tresna indartsu bat» dela dio Fernandez Diazek
«ETA desagertu arte» presoen aurkako neurriek bere horretan jarraituko dutela esan du Barne ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu