Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du gizon bati bere Eibarko (Gipuzkoa) bikotekidea eta haren haurra hiltzeagatik ezarritako espetxealdi iraunkor berrikusgarria. Gizonak emazteari 30 aldiz sartu zion aiztoa, eta semeari, berriz, hamasei aldiz. Hilketak Alcobendasen (Madril) bizi ziren etxean egin zituen, 2017an. Hildakoak Rakel Lopez zuen izena, eta 44 urte zituen; haren semeak, berriz, 12.
Halaber, espetxe zigor berrikusgarriarekin batera, epaitegiak berretsi egin du kalte ordaina ere: emakumearen beste bi semei 180.000na euro eman beharko dizkio, eta guraso bakoitzari 120.000.
Probatutako egitateen kontakizunak jasotzen duenez, 38 urteko gizonak hilketak 2017ko maiatzaren 2an egin zituen. Haren arabera, gizona aizto bat eskuan zuela emakumea hiltzeko asmoarekin sartu zen andrea zegoen komunera, eta, «sorpresaz harrapatuta», 30 aldiz sartu zion aiztoa. Umea ere han zegoela konturatu zenean, bizkarretik eraso egin zion, hamasei aldiz sartu zion aiztoa, eta fular bat jarri zion lepoan, «haren heriotza azkartzeko eta ziurtatzeko».
Ondoren, akusatuak emakumearen telefonotik deitu zion amari eta gainerako senideei, «hil egingo dut» eta «hil egingo dut eta hil egingo naiz» esanez. Gainera, ihes egin zuen trenez, eta hilabete geroago atxilotu zuten Madrilgo parke batean.