Presoak

Espetxean 25 urte daramatzan Jon Agirreri 92.artikulua ukatu diote

Gaur duela 25 urte atxilotu zuten Jon Agirre Agiriano arrasatearra. Agirrek, diabetesa, hipertentsioa, kolesterol altua eta alde biko miopia du. Egun, Langraizeko erietxean dago eta Etxerat-ek jakinarazi duenez, 64 urteko euskal presoak 92.artikulua eskatu bazuen ere duela egun batzuk ukatu egin zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Espainiak eta Frantziak indarrean mantentzen duten espetxe politikak euskal presoen senide eta lagunei egoera jasangaitza eragiten diela salatu du Etxerat-ek.

2006ko maiatzaren 11
16:50
Entzun
Agerraldia egin du gaur goizean Etxerat-ek. Bertan, Agurtzane Alkalde

eta Estanis Etxaburu Etxerat-eko kideekin batera 92.artikulua ukatu berri dioten Jon Agirre Agirianoren lehengusua zegoen. Baita Aitor Carretero ere, igandean Asier Uribarri euskal presoari bisita egin ostean istripua izan zuen Portugaleteko (Bizkaia) laguna.

Agurtzane Alkaldek duela 25 urte atxilotu zutenetik Jon Agirre Agirianok bizitakoaren berri eman du. Agirrek, "Guardia Zibilaren eskuetan 10 egunez tortura basatiak jasan" zituen eta "komisaldegiko torturak espetxe barruan izan du jarraipena" urte hauetan guztietan.

Hamar urte igaro zituen Agirrek isolamenduan, "egunak dituen 24 orduetatik 21 orduz, oso neurri murritzetako gela ilunetan". Horrek Agirreren osasuna kaltetu zuen: "ondorio larriak eragin dizkio ornoetan eta desgaste larria bi aldaketan". Agirrek, gainera, diabetesa eta hipertentsioa du.

Alkaldek agertu du "Espainiako Estatuak ezarritako zigorraren 3/4ak" 1996an bete zituela Jon Agirrek, baina ez zuten aske utzi. Ondoren, 1998an "oinaze gogorrak jasaten hasi zen".

Etxerat-ek azaldu duenez, gaixorik zegoen euskal presoa erietxera eraman beharrean "Euskal Herritik oraindik eta gehiago urrundu zuten". Huelvatik Malagara eraman zuten orduan Agirre. Analisiak eta frogak egiteko eskatu zuen orduan baina ez zizkioten egin."Malagako kartzelako erietxean lau hilabetez izan zuten, egun osoan etzanik, zutik egon ere ezin zuela", baina Etxerat-en hitzetan ibiltzeko muletak ere ez zizkioten eman.

Azkenean 2005eko otsailean eraman zuten Logroñoko erietxera eta handik bi hilabetera Donostiako Ospitalera eramn zuten. "Hau da, zazpi urte beranduago!", azaldu du Alkaldek. "Zazpi urtez izan zuten beraiek eragindako oinaze larriekin 98. urtetik 2005 urte artean, inongo froga eta analisirik egin gabe".

Alkaldek adierazi du, euren senide eta lagunek nolako egoera bizi duten jakiteak loa kentzen diela. Gainera, astero milaka kilometrotako bidaiak eginarazten dizkietela saltu du. Baina senide eta lagunei maitasuna adierazteko kilometroak egiten jarraituko dutela azpimarratu du: "lanetik atera eta milaka kilometro aurrean maitasuna adierazteko, eta hala egiten jarraituko dugu, akabatzen ez gaituzten bitartean". Joan den igandean, Aitor Carreterok izandako istripua gogorarazi du. Carretero Asier Uribarri euskal presoaren laguna da eta hari bisita egin ostean istripua izan zuen etxerako bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.