Espetxeetako osasun arreta "oso txarra" da, Aralarren ustez

2014ko otsailaren 7a
12:37
Entzun

Arkaitz Bellonen heriotza erreakzio ugari sortzen ari da euskal politikarien artean. Espetxe politikaren salbuespen egoerak amaitu behar duela bat egin dute EAJk, EH BIlduk, Aralarrek eta Geroa Baik.

Patxi Zabaleta (Aralar)

Euskal Herrian egonda arreta askoz hobea jasoko lukeela uste du Patxi Zabaleta Aralarreko ordezkariak, eta sakabanaketaren eta salbuespenezko politikaren barnean kokatu du gertatutakoa. Iñigo Urkullu lehendakariarentzat ere izan du mezurik: "Sakabanaketaren kontra hitz egin du, baina espetxeen eskuduntza eskatu behar du. Hori izango da hemendik aurrera premiazko".

"Dramatikoa" izan da, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiaren ustez

Euskal gizarteak "oso barneratuta" dauka euskal presoen egoera konpondu behar dela, Garitanoren ustez, urtarrilaren 11n Bilboko manifestazioan elkar hartuta erakutsi zutenez. "Argitu beharra" dago, eta "argitzeko eskatu beharra".

Heriotza ikertu eta urruntzea bukatzeko eskatu du EAJk

"Atsekabea" azaldu zuen atzo EAJko Joseba Egibarrek Arkaitz Bellonen heriotza dela eta. Heriotzaren inguruko egoera "sakon" aztertu behar dela esan zuen, eta presoak hurbildu egin behar direla aldarrikatu. "Mendekurik gabeko politika" eskatu zuen, "gizarteratzea ahalbidetuko duena".

Heriotzaren erantzukizuna PPri leporatu dio EH Bilduk

Kale borrokari eta euskal presoen ongietorriei buruzko mozioa zuen sartua atzoko PPk Eusko Legebiltzarrean, horiek gaitzetsi eta Poliziak horien aurka "borrokan" jarraitu behar duela eskatzeko. PPko Nerea Llanosi erantzunez, EH Bilduko Julen Arzuagak esan zuen "erantzun neurrigabea" eman izan duela Espainiak. "Jazarpen horren azken ondorioa da Arkaitz Bellonen heriotza", esan zuen. "Dozenaka daude kartzelan objektiboki garrantzi gutxi izan duten ekintzengatik, torturapeko deklarazioekin zigortuta". Jipoiak, bakartzea eta sakabanaketa ere aipatu zituen: "Zuek bultzatu eta babestutako politikak beste biktima bat utzi du: Arkaitz Bellon Blanco".

Baketik: "Legea etikoki ezarrita, saihestu zitekeen"

Arkaitz Bellonena bezalako kasurik berriz gerta ez dadin "mugimenduak" beharrezkoak direla adierazi zuen Baketik-eko Pello Sarasuak atzo egindako agerraldi batean. Sakabanaketa amai dadila eskatu zuen, eta esan zuen guztiek daukatela zer egina horretan: "Legea etikoki ezarrita, halakoak saihestu daitezke".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.