Espetxeetako Zuzendaritzak Josu Uribetxebarriari hirugarren gradua ematea onartu du. Atzo, Arrasateko presoaren diagnostikoa ezagutu berritan, Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak hirugarren gradua aplikatzeko aukera aztertzeko eskatu zion Espetxeetako Zuzendaritzari. Gaur goizean, Zaballako espetxeko osasun batzordeak Donostiako Ospitalean presoari egin dizkioten osasun frogen emaitzak aztertu ditu, eta presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizitza arriskuan jartzen duela ikusi dute. Hala, Uribetxebarriari hirugarren gradua ezartzeko idatzizko proposamena egin dute. Arratsaldean, Espetxeetako Zuzendaritzak proposamen hori onartu du.
Hirugarren graduak hainbat neurri jasotzen ditu espetxealdia arintzeko, eta baldintzapean aske uzteko lehen urratsa da. Espetxeetako Zuzendaritzak baldintzapean aske uzteko proposamena onartu behar du orain. Azken hitza, baina, Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako epaileak izango du, eta erabakia astelehenera arte atzeratu daiteke, Barne ministroak jakinarazi duenez.
Santiago Pedraz epailea zaintzaldian dago Auzitegi Nazionalean igandera arte, eta hark ordezkatzen du espetxe zaintzako epailea —azkeneko erabakia hartzea dagokion epailea, alegia—. Horregatik, Ainhoa Baglietto Uribetxebarriaren abokatuak goizean aurreratu du baldintzapean aske uzteko prozesua "arintzeko" eskatuko diola Pedraz epaileari, Espetxeetako Zuzendaritzaren erabakia jakin orduko.
Abokatuaren esanetan, ez dago zergatik astelehenera arte itxaron azkeneko erabakia ezagutzeko. "Pedrazek galdegin dio bart Espetxe Zuzendaritzari hirugarren graduaren aukera aztertzea, eta, beraz, Pedrazek argitu behar du auzia" azaldu du defentsak.
Presoa auzitegiko mediku batek ikus dezan agindu du Pedraz epaileak, preso gaixoaren osasun egoeraren inguruko txostena osatzeko. Gainera, Uribetxebarriaren minbizia espetxeko osasun zerbitzuetan artatu daitekeen edo ez jakin nahi du Auzitegi Nazionaleko epaileak. Halaber, beste txosten bat eskatu dio Zaballako espetxeari, presoa jasotzen ari den tratamenduaren inguruan.
Biharko elkarretaratze nazionala antolatu du Gernikako Akordioak, Bilbon
Gernikako Akordioaren sinatzaileek elkarretaratze nazionala iragarri dute biharko, Bilbon. Konponbide garaia da, preso gaixoak kalera lelopean, Euskadiko plazan bilduko dira, 12:00etan. Gernikako Akordioak adierazi du Uribetxebarriaren kasua gehiegi luzatzen ari dela, eta behingoz erabaki bat hartzea galdegin du.
Izan ere, Herrira-k larunbaterako Bilbon antolatutako manifestazioa bertan behera uztea erabaki du, Pedraz epaileak debekatzeko agindua eman ondoren. Terrorismoaren biktimen elkarteak egindako eskaria onartu du Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta presoen eskubideen aldeko manifestazioa debekatu du, "terrorismoari gorazarre" egin dakiokeela argudiatuta.