Euskal presoak

Espetxeetara martxak egingo ditu ezker abertzaleak otsailaren 20an

Bihar emango dituzte mobilizazioen zehaztasunak, agerraldi batean.

Sortuk abenduan Martuteneko espetxera egindako martxa. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
Berria
2016ko urtarrilaren 22a
19:47
Entzun

Otsailaren 20rako "espetxe guztietara" joateko martxak antolatzen ari da ezker abertzalea, Euskal Herria abian, presoak etxera lelopean, sare sozialen bidez jakinarazi duenez. Bihar agerraldia egingo du Donostian, Abian eztabaida prozesuaren lehen fasearen balantzea egiteko, eta bertan emango dute mobilizazioen zehaztasunen berri.

Iazko abenduaren 27an, Martuteneko espetxera egin zuten martxa, Sortuk deituta. Askatasunaren bidean, euskal preso politikoak etxera lelopean, hainbat lagunek hartu zuten parte Donostiatik zein Hernanitik abiatu ziren bi giza kateetan.

Lelo horrekin, hitzaldia eman zuen Rufi Etxeberria Sortuko Gatazkaren Konponbiderako ordezkariak Iruñean joan den astean. Esan zuen "salbuespeneko" zigor, espetxe eta auzibide politika legedi "arruntera" itzuli beharra dagoela, baina alor juridikoan "ekimena" euskal presoek hartu beharraz ere mintzatu zen. "Ausardiaz jokatzeko garaia da. Euskal presoen kolektiboak eremu juridikoan ere ausart jokatzeko urratsa egin beharko luke, egin beharreko ibilbidea ekimena hartuz eginez, betiere damuaren eta salaketaren marrak alboratuz", adierazi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.