Murtzia II espetxean (Espainia) dago Sagarzazu, eta haren egoeraren berri eman du gaur Etxerat-ek. Elkartearen esanetan, Sagarzazu polikiroldegian zela, "oso jarrera oldarkorrarekin" joan zitzaion kartzelako funtzionario bat hilaren 21ean, eta kolpe bat eman zion besoan.
"Guztiz ubelduta" izan zuen besoa. Ondoren, 48 orduz isolatuta izan zuten presoa. Espetxe horretan bertan dago Mikel Izpura euskal presoa ere: "Elkartasuna adierazteko plantoa egin zuen, bera ere isolamendura eraman zezaten", ohartarazi du elkarteak.
"Guztiz arbuiatzen dugu funtzionario honek Kandido Sagarzazu presoarekiko erakutsitako jarrera oldarkor eta agresiboa. Guztiz ulergaitza eta lekuz kanpokoa izan zen. Gure senide eta lagunek eskubideak dituzte, eta eskubide hauek errespetatuak izan behar dute. Eta jarrera hauek, erasoak eta mehatxuak onartezinak dira", gaineratu du Etxerat-ek.