Ospitaletik atera da Barakaldoko (Bizkaia) Urteberriko gertakari beltzean bere bi umeak hiltzen saiatzea leporatu dioten emakumea, haren osasuna egonkortu ondoren. Dagoeneko epailearen aurrean deklaratu du, eta hark espetxe agindua eman du andrearentzat. Basauriko kartzelan da atzodanik. 9 urteko bi seme-alaba bikiak arriskutik kanpo daude jadanik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak dioenez, emakumeak zenbait zauri zituen lepoan, bere buruaz beste egiten saiatu ondoren, eta ospitalean zegoen lesio horiek osatzeko.
Segurtasun Sailak kontatutakoaren arabera, Urteberri egunean, 39 urteko emakumeak seme-alabak drogatu zituen goizeko hamarrak aldera, eta, gero, oraindik jakinarazi ez duten substantzia toxikoren bat eman zien haurrei. Lokarturik zeudela, bere buruaz beste egiteko lepoan zauri batzuk egin zituen. Betiere Ertzaintzak azaldu duenez, zauriturik zegoela, baina konortea galdu aurretik, bikotekide ohiari deitu zion egindakoa jakinarazteko.
Segurtasun Sailak uste du dei hori ezinbestekoa izan dela ama-umeek bizirik jarraitzeko, aitak berehala hots egin baitzion Ertzaintzari, eta laguntza medikoa garaiz iritsi baitzen, hirurak Gurutzetako ospitalera eramateko eta haien osasuna bermatzeko. Haurrek pozoi bat hartu izanaren sintomak zituzten.
Barakaldoko Zuazon bizi diren askoren artean tristezia zabaldu da, zenbait hedabidek jasotako testigantzak aintzat hartuz gero, baina ezusterik ez. Itxura batean, ohikoa zen ama errieta bizian aritzea 9 urteko bikiekin. Alegia, jende ugarik bide zekien auzoan ume horien egoera ez zela egokia.
Barakaldoko Udalak ikerketa bat zabalduta zeukan, haurrak behar bezalako zaintza jasotzen ari ote ziren jakiteko. Bizkaiko Foru Aldundiak esan du ez duela jaso Barakaldoko Udalaren inolako eskaerarik zerbitzu sozialen bidez esku hartzeko, umeen zaintza zela eta. Gertatutakoaren ondoren, aldundiko arduradunak harremanetan jarri dira udalekoekin.
Amak zuen umeen zaintza, eta, testigantza batzuen arabera, gertakarien goizean bertan errieta handia izan zuten aita-amek etxeko atarian, hain zuzen umeen zaintzarengatik.
Espetxera bidali dute bere haurrak pozoitzea leporatu dioten andrea
Seme-alaba bikiak arriskutik kanpo daude. Barakaloko Udala umeen egoera ikertzen ari zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu