Frantziako Justiziaren aginduz kartzelatu zituzten atzo gauean, behin-behinean. Zortzi kargu egozten dizkiete; horien artean, talde terrorista bateko kide izatea, armak eduki eta garraiatzea, eta dokumentu eta matrikula faltsuak erabiltzea.
Atxilotzeko operazioa ez zen izan "ohiko errepide kontrol" baten emaitza. Espainiako Barne Ministerioak baieztatu zuen Espainia eta Frantziako poliziek elkarlanean eginiko operazioa izan zela.
Poliziaren operazioa Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideek Euskal Herrira egindako bisitaldiaren biharamunean heldu zen. Hainbat alderdi eta eragilerekin bildu ondoren, nazioarteko eragileek adierazi zuten funtsezkoa dela bakerako urratsak egitea.
Orotara, bost lagun atxilotu dituzte aurten ETAko kideak izatea egotzita. Urtarrilaren 11n, Andoni Lariz eta Urtzi Etxeberria atxilotu zituen Frantziako Poliziak errepidean eginiko kontrol batean. Astebete geroago, berriz, Joseba Gotzon Vizan atxilotu zuten, Brasilen.