Espetxeratu egin dute Bergarako hilketa egotzi dioten gizona

Ustezko hiltzaileak labanaz hil zuen etxekidea, eta leihotik ibaira bota zuen haren gorpua

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Bergaran (Gipuzkoa) joan den larunbatean hilda agertutako 46 urteko gizonaren ustezko hiltzailea espetxeratzeko agindua eman du epaileak. Ustezko hiltzailea, 50 urteko gizon bat, asteartean atxilotu zuen Ertzaintzak Irunen (Gipuzkoa) haren atzetik bi egun egin ondoren.

M.E.R. larunbatean azaldu zen hilda Deba ibaian, Bergarako San Antonio auzoan. Hasiera batean ez, baina bi egunera Ertzaintzak jakinarazi zuen labana batekin egindako zauriez hil zela.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako informazioaren arabera, hildakoa eta hiltzailea elkarrekin bizi ziren, eta diru kontuek eragin zuten hilketa. Betiere Ertzaintzaren arabera, hiltzaileak labanaz egin zion eraso biktimari, eta ondoren gorpua izara batean bildu eta leiho batetik bota zuen ibaira. Horrekin batera, etxebizitzan isuritako odola garbitu zuen.

Horren ostean, ustezko hiltzaileak ihes egin zuen, eta ertzainek asteartean atxilotu zuten Irunen, Santiago zubiaren inguruan. Ostegunean Bergarako epailearengana eraman zuten, eta han deklarazioa egin ondoren, atzo arratsaldean Martuteneko kartzelan espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.