Indarkeria matxista

Espetxeratu egin dute Gasteizen andre bat hil zuen gizona

Gasteizko Auzitegiko epaileak 43 urteko gizonezkoa espetxeratzeko agindua eman du, hari deklarazioa hartu ostean. Azken gorpuzkiak ibaitik atera, eta bilaketa lanei amaiera eman zien Ertzaintzak atzo. Sumarioa sekretupean jarri du epaileak. Manifestazio jendetsua egin dute Gasteizen, hilketa salatzeko.

Elkarretaratzea egin dute Gasteizen. ARGAZKI PRESS
Jon Rejado.
2016ko ekainaren 22a
07:15
Entzun

Emakumezko baten gorpuzkiak aurkitu zituen Ertzaintzak atzo Gasteizen, Zadorra ibaian, Abetxuku eta Ibaiondo artean. Bilaketa lanak goizean hasi zituzten poliziek, 43 urteko gizonezko batek andrazkoa orain astebete hil zuela aitortu ostean: gorpua zatitu eta Zadorrara bota zuela jakinarazi zuen, hiriburuko kanpoko aldean. Atxilotuta dago gizona. 60 urte zituen biktimak. Erakundeek eta mugimendu feministak gogor gaitzetsi zuten hilketa, eta arbuioa kalera atera zen: ehunka lagun bildu ziren iluntzean Andre Maria Zuriaren plazan, indarkeria matxistaren kontra.

Astelehen gauean izan zuen Ertzaintzak gertatutakoaren berri: telefono dei bat jaso zuen, esanez hilketa bat gertatu zela Alde Zaharreko etxebizitza batean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, polizia patruila bat joan zen deian zehaztutako helbidera, akusatuaren bizitokira. Etxera igo ziren ertzainak, eta gizonezkoak hilketa aitortu zien. 23:30ean hartu zuten atxilo. Polizia etxera eraman zuten, eta bertan jarraitzen duen atzo arratsaldean, epailearen aurrera noiz eramango zain.

Emakumea joan den asteazkenean hil zuela jakinarazi zion gizonak Ertzaintzari. Segurtasun Sailak ohar bidez azaldu ditu bere burua hiltzailetzat jo duenaren kontakizunaren ildo nagusiak. Mailu txiki batekin hil zuen emakumea gizonak. Ondoren, gorpua zatitu zuen, poltsatan sartu, eta Zadorrara bota zuen, ostegunetik larunbatera hainbat joan-etorri eginda, eta maleta bat baliatuz. Gorpuzkiez gain, mailu txikia eta gorpua zatikatzeko baliatutako materiala ere ibaira bota zituen. Biktimaren dokumentazioa ere estolda batera bota zuen.

Gizona atxilo hartzearekin batera, haren etxebizitza ikertzeari ekin zion Ertzaintzak. Zenbait arrasto biologiko atzeman zituzten; laborategian aztertzeko zain daude oraindik. Halaber, goizean goiz Ertzaintzaren urpekariak eta txakurrak joan ziren Zadorra ibaira. 11:00 aldera topatu zituzten lehen gorpuzkiak; arratsaldean ere lanean jarraitu zuten, eta 20:00 aldera amaitutzat jo zituzten bilaketak.

Hilketak salatu dituzte

Eguerdian, Gasteizko udaletxe aurrean elkartu dira Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka eta Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Heredia, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida, eusko legebiltzarkide ugari, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gasteizko Udaleko hautetsiak. Bost minutuko isilunea gorde dute asteazkenean gizon batek emakumezko bat hil izana salatzeko.

Donostian ere, udal ordezkariek udaletxe atarian egin dute elkarretaratzea, Gasteizko eta Angeluko hilketak gaitzesteko.

Mugimendu feminista gaur irtengo da kalera Gasteizen, iluntzean. 20:00etan egin dute manifestazioa, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta. Gainera, ostegunean ohiko lekuetan egingo ditu elkarretaratzeak. Ostiralerako, elkarretaratzera deitu dute Angeluko Herriko Etxearen aitzinean, herri horretan asteartean izandako hilketak salatzeko. 18:00etan ezarri dute ordua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.