Euskal presoak

Espetxeratuen aldeko borroka indartzeko deia egin du Batasunak

Batasunaren arabera, euskal presoen egoera inoizko larrienetako da une honetan. Ondorioz, haien aldeko borroka indartzeko premia ikusten du, eta auzi horretan engaiatzeko deia egin dio gizarteari. Ildo horretatik, Duintasun Testigantzak ekitaldia egingo da bihar Donostiako Belodromoan; presoen kolektiboak gatazkari buruz egin duen gogoetaren eta proposatzen dituen irtenbideen berri emango da han

2003ko ekainaren 27a
15:08
Entzun
Joseba Permach mahaikidea mintzatu da gaur goizean, Donostian, Batasunaren izenean. Euskal presoen egoera larria dela nabarmendu du Permachek. Alde batetik, 1977an amnistia eman zutenetik, inoiz izan den preso kopuru handiena dagoela agertu du; bestetik, urruntze politika inoiz baino bortitzagoa dela, eta, ondorioz, inoizko urrutien daudela euskal presoak; halaber, haien eskubideak sekula baino hondatuago daudela adierazi du. Horren adibide, presoaldi gehiena bakartuta betetzen dutela azpimarratu du Batasuneko kideak. Presoen eskubideen kontrako erasoaldian azken neurria, berriz, bisitak murriztea izan dela esan du.

Batasunaren arabera,beraz, presoen egoera inoizko larrienetako da, baina, era berean, eskubideen urratze horiei guztiei ematen zaien erantzuna makalduta dago. Ildo horretatik, autokritika egin du lehendabizi Permachek: ezker abertzalea ez dela auzi larri horri behar bezalako erantzuna emateko gai izan esan du. Dena den, kritikarik gogorrenak “politikari autonomistei” egin dizkie. Batasunako kidearen iduriko, giza eskubideei buruz ahoa bete hortz hitz egiten dute politikari horiek, baina gero ez dira gai presoen eskubideak babesteko. “Beraien eta gure arteko diferentzia bakarra giza eskubideei ematen diegun babesaren ingurukoa dela esaten dute. Baina gero ez dira gai Torturaren Nazioarteko Egunean gai horri buruzko hitz bakar bat esateko”, salatu du.

Hori guztia aintzat hartuta, presoen aldeko borroka indartzeko deia egin dio Batasunak gizarteari, eta erakunde horrek berak espetxeratuen alde sendoago jarduteko konpromisoa hartu du. Hain zuzen ere, presoen aldeko mugimenduak proposatzen dituen ekimenetan parte hartuko dutela hitz eman du Permachek, eta, gainera, beren kabuz hainbat ekimen aurrera eramango dituztela.

Ildo horretatik, bihar arratsaldeko 17:30etan Donostiako Belodromoan egingo den Duintasun Testigantzak ekitaldian parte hartzeko deia egin du Batasuneko kideak. Halaber, ekitaldi horren harian presoen kolektiboak euskalgatazkaren egoerari buruz egin duen hausnarketaren berri emango dela jakinarazi du. Horrez gain, Batasuneko Mahai Nazionalak egungo egoerari buruzko gogoeta egina duela adierazi du Permachek, eta laster emango dutela horren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.