Ekaitz Etxean! Ekaitz Samaniego gazteari elkartasuna adierazteko sortu den mugimenduak adierazi du bi helburu lortu dituztela: Bata, "eskubide zibil eta politikoen erasoa agerian uztea eta jendarteari zabaltzea; salaketan parte har zezan ekimenak proposatuz"; eta bigarrena, "dagozkion eskubideen erabileragatik erasotako edozein kolektibo edo pertsona babestea".
Gaineratu dute lanean jarraituko dutela, eta mobilizatzera deitu dute, "espetxeratutako lagun bakoitzeko, epaiketa politiko bakoitzeko, urratutako eskubide zibil eta politiko bakoitzeko". Gogoratu dute "datozen erasoek ere lan politiko eta sozialaren kriminalizazioa eta errepresioa dutela oinarri", euskal gazteriak jasan beharrekoa azpimarratuz.
Balorazio positiboa egin dute mugimenduko kideek, "milaka pertsona izan dira bere —Samaniegoren— bideoak ikusi dituztenak eta bere jarrerak oihartzun handia izan du".
Gizarte eta kultur eragile askoren atxikimendua jaso du Ekaitz Etxera! mugimenduak. Kideek eskerrak eman dizkiete "konpromezua eta laguntza eske haiengana jo dugunean ezinhobeto erantzun duten kolektibo eta pertsonei".