SOS Arrazakerian etxeko langileen talde bat sortu dute. Azaldu dute etxeko lanen eta mendekotasuna duten pertsonen sektorean lan egiten duten gehienak emakume migratzaileak direla, eta "babesgabetasun" handia dutela. Martxoaren 8ko greban euren lan baldintza "eskasak" salatuko dituzte.
"Greban parte hartu ezingo duten etxeko langile emakume ikusezinak ordezkatuko ditugu", gaineratu dute. Esan dute "bidezko kontraturik" gabe egiten dutela lan: astean 40 orduz baino gehiagoz, ez dutela eskubiderik dagozkien jaiegunak hartzeko, ez eta langabezia sariak kobratzeko eskubiderik ere. Gainera, nabarmendu dute erakunde publikoek ez dituztela babesten: "Ez gaituzte ikusi nahi".
Horrez gain, erakundeei eskatu diete lan egiten duten etxeetako egoera aztertzeko, sarritan tratu txarrak ematen baitizkiete bai zaintzen duten pertsonak eta bai haren familiakoek: "Lan egiten dugun familiaren esklabo bihurtzen gara; kontratuan zehazten ez diren aparteko lanak ere egin behar izaten ditugu".
Etxeko Langileen Taldea SOS Arrazakeria plataformaren barruan jaiotako taldea da; orain bost urte sortu zen. Hilabetean behin biltzen dira euren arteko sareak sortzeko, informazioa emateko eta eztabaidatzeko. "Sentsibilizazio kanpaina bat jarri dugu abian orain; herriz herri joaten gara, etxeko langileei euren eskubideak zein diren azaltzeko eta gure babesa emateko".