Irrintzi sinkronizatuek ireki zuten Bai Euskarari kanpainako estadioetako ekitaldia, 1998an. 120.000 lagunetik gora elkartu ziren, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Miarritzen, aldi berean. Gure Esku Dago-k hura gogora ekarriz antolatu du igandeko jaialdia. 1998an, euskarak batu zuen. 2015ean, erabakitzeko eskubideak batzea da helburua. Bai Euskarari kanpainan buru-belarri aritu ziren lanean Joxe Jabier Iñigo, Pilar Kaltzada eta Rober Gutierrez, beste dozenaka lagunekin batera. Ez dituzte ahazteko 1998ko abenduaren 26an San Mames, Mendizorrotza, Sadar, Anoeta eta Agilera lotu zituen ekitaldiak emandako lanak, nekeak eta pozak. Uste dute hura itzela izan zela, eta igandekoa ere bide bertsutik joango dela. Ordukoa gogora ekartzeko elkartu ditu BERRIAk.
1998a zen. Lizarra-Garaziko Ituna sinatuta, eta ETAren su-eten bat ere iritsi berria zen. Gertakizun hark mesede egin zion euskararen aldeko mugimenduari. Kontseilua sortu berria zen, 1997ko abenduan. Lehen hilabeteak estrategiak definitzen eta egituratzen pasatu zituzten, baina eragiten hasi nahi zuten. «Lortu genuen sekulakoa, euskalgintza batzea. Milaka lagun gara, milaka langile, milioika euro —orduan, pezeta— aurrekontuetan. Baina aintzat hartzea lortu behar genuen. Zerbait egin», azaldu du Iñigok.
1998ko uztailean Kontseiluak zuzendaritzako bilera bat egin zuen, eta urte amaieran San Mames betetzeko ideia atera zen handik. Bai Euskarari «berritu» bat prestatzen hasi ziren, 1978an Euskaltzaindiak egin zuen hura gogora ekarrita.
Beste herrialdeetako jendea nola erakarri pentsatzen hasi ziren. Eta orduan etorri zen benetako erronka: «Uda ostean etortzen zaigu zuzendaritza, eta esaten digu: 'Erabaki dugu San Mames bakarrik ez, baizik eta bost estadioak betetzea. Baldintza sozio- politikoak betetzen dira, jendea oso ilusionatuta dago, babes zabal handia lor daiteke normalean lortuko ez litzatekeen sektoretan ere, eta apustua egingo dugu'», gogoratu du Iñigok. Oraindik ere, zaila egiten zaie sinistea hura ondo atera zenik. «Gogoan dut Mikel Arbeloaren esaldi bat —arlo teknikoaren ardura eraman zuenetako bat zen—: 'Egin dugu, ez genekielako ezinezkoa zela'. Objektiboki, hiru hilabetean hura ezin zen antolatu», gogoratu du Kaltzadak, oraindik ere harridura azalduaz.
Egingarria ote zen ere, bazuten zalantza. «Teknikoki, zerbait banatua egitea gaur egun egin daiteke, baina orduan ez zegoen baliabiderik», Kaltzadak azaldu duenez. Nahiko kable ez zegoen, estadioak elkarren artean konektatzeko, eta unitate mugikor nahikorik ere ez. ETBk jarri zituen bereak, baina ez zegoen gehiago. Canal +-ek utzi zituen bereak, futbolik ez zegoelako. «Gogoratzen? Kanta bat estrofaka abestu zen. Mikel Laboa hasi zen kantatzen Agileran Herria eta hizkuntza, eta Benito Lertxundik segitu zion Anoetan... Ondo ateratzea ikaragarria izan zen. Guztiak behar zuen sinkronizazio handia».
Gutierrez 1998ko irailaren erdialdera sartu zen kanpainan: «Maila teknikoan dena zoramen bat izan zen. Uste nuen ia dena lotuta zegoela, satelitea lotuta zegoela... nire lana izango zela estadioetako eskaleta eramatea... eta ez zegoen ezer eginda». Baina heldu zioten erronkari.
Bide orria zehaztuta
Estadioetako egitasmoa tresna bat zen helburu bat lortzeko. Kanpainarekin nahi zen herritarrak aktibatzea eta kontrakotasunak desaktibatzea. Baldintzak alde zituztela ere onartu du Iñigok. «Edozein ate jotzen genuela ere , ireki egiten ziguten. Kanpainak oihartzun handia zuen. Diru asko eman ziguten».
Ordura arte pentsaezinak ziren aliantza eta ekinbideak lortu zituzten. Besteak beste, hedabide guztiek mantxetan Bai Euskarari jartzea. «Elkartu genituen Bilbon bazkari batean hedabideetako arduradunak, eta Javier Salutregi kartzelatik atera berri zen —1998ko uztailean atxilotu zuten , Egin ixtearekin batera—. Zirkunstantzia haietan ere guztiek hartu zuten parte», oroitu da Kaltzada.
Kanpainak izan zuen gozotik, baina baita gazitik ere. Azaro erdialdera sekulako indarra hartu zuen kanpainak. Kontseiluari bururatu zitzaion Unescori babesa eskatzea. Horretarako, laguntza eskatu zioten Jaurlaritzari. «Gero esan ziguten horrek alarmak piztu zituela Jaurlaritzan. Ikusi zutela Kontseilua hartzen ari zela indar handia, eta kontroletik kanpo geratzen ari zitzaiela. Han hasi ziren mugimendu arraro batzuk: ate batzuk ixten, laguntza batzuk hitzemandakoa baino gutxiago izaten... ». Presioak izan zituzten, Iñigok azaldu duenez, «eta, oraindik ere, sufritzen ari gara horrelakoak», Gutierrezek gaineratu duenez.
Hala eta guztiz ere, kanpainaren olatua gorantz zihoan. Gutierrez ziur zegoen Mendizorrotza bete egingo zela eta jendea kanpoan geratuko zela. Kontseiluan hori esaten zuenean «dardara» eragiten zuen, Kaltzadak gogoan duenez. Tamaina ezin harturik zeuden.
Baina Gutierrezek ez zuen dudarik: «Bai Euskarari-ren moduko tresna bat eman, eta jendea mugitu egiten da herrietan. Batzordeetatik ere jende uholdea etorri zen». Jende asko geratu zen estadioetara sartu ezinda.
Zuzendaritza sakabanatuta
Iruñea izan zen erdigunea, handik eman zuen Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak mezua. Iñigori mintzatu zaio Kaltzada: «Zure obsesioa zen, errege-erregina familietan bezala, zerbait gertatzen bazen ere, zuzendaritzako kide guztiak behintzat auto diferenteetan joatea. A, B eta C planak prest zeuden, badaezpada. Zuzendaritzako kide bana zegoen estadio bakoitzean, konexioak kale eginez gero ere autonomiarekin funtzionatu ahal izateko». Iñigo: «Noski, pentsa Iruñeko seinalea erortzen zela: Orduan, Bilboko arduradunak hartuko zuen ardura». Gutierrez: «Goizeko probaldietan sateliteak ez zuen funtzionatu».
Baina iritsi zen estadioak irekitzeko unea. Jendea erruz pilatzen hasi zen. Jaialdia bikain atera zen. Antolatzaileak sinistu ezinik zeuden: «Xabier Mendiguren oholtzatik jaisten ikusi genuenean, amaieran, 'ondo atera da' esaten genion elkarri, ezin sinistuta».
Hura amaituta, bi sentsazio nagusi izan zituen Iñigok: batetik, «beheraldi handi bat» nekearengatik; eta, bestetik, «harrotasuna». «Uste dut asmatu zela berez zeuden baldintzak aprobetxatzen. Indar sozial haiek denak aktibatzen eta gureganatzen, baina estrategiaren kateatze on batekin».
Kontseiluak lotuta zeukan estrategia guztia. Kanpaina zen babes soziala sortzeko, gero prozesu sozial eta politiko bat martxan jartzeko, gizarteko indar handienak euskararen alde konprometitzeko, erakundeek pauso ausartagoak emateko. Ekitaldirako, San Mames lotzen hasi ziren lehenik. Jose Maria Arrate orduko Athleticeko presidenteak konpartitu egiten zuen Kontseiluaren ikuspegia; haren babesa bazuten. Athleticek oso harreman ona zuen orduan Osasunarekin, eta erraz lortu zuten haien babesa ere. Reala eta Alaves urrunago zeuden horrelako konpromisoetatik, baina ez zuten kanpora geratu nahi izan. Futbol talde guztien babesarekin Iparraldeko errugbi taldearen babesa berehala etorri zen. Bestalde, ELA, LAB, CCOO, Mondragon Taldea, Adegi, Confebask, Unibertsitateak.... arloka lan eskerga egin zuten, eta guztien babesa lortu zuten.
Gure Esku Dago-k hiriburuetan aldi berean ekitaldi bat egin nahi izateak ilusioa egin die Iñigori, Kaltzadari eta Gutierrezi. Ñabardura hau egin du Gutierrezek: «Guk bete genituen estadioak; baina, nire ustez, inportanteena da hortik aurrera egon zen dinamika, dena oso ondo zehaztuta zegoen, bagenekien hurrengo urratsak zein izango ziren. Espero dut Gure Esku Dago-ren helburua ez geratzea egun batean. Proiektu ilusionantea da».
Iñigok herri batzordeei egin die erreferentzia: «230etik gora herri batzorde ditu, eta hori handia da. Guk gutxiago genituen, 210 edo. Batzorde horiek izanda, beteko dituzte hiriburuak. Ilusio handia egin dit. Uste dut gaitasuna badutela». Kaltzada segitu dio hariari: «Lortzen baduzu zerbait erakargarria eskaintzea eta zerbait eskatzen duena, jendeak erantzun egiten du. Erronka handia da, baina jendeak erronkak hartu egiten ditu. Niretzat, lezioa hori da: jende askoren parte txikiek gauza handiak egin ditzakete». Ildo beretik segitu du Gutierrezek: «Konturatu behar dugu ahalmen horretaz».