eusko legebiltzarra

Estatu eredu berriaren aldeko elkarlana proposatu zion Urkulluk Masi

Jaurlaritzako lehendakariak esan du Kataluniak bere bideari heldu ziola. "Nazio izaera" aitortuz gero, uste du posible dela Madrilekin akordioa lortzea. Arraizek erantzun dio autogobernu lantaldea erabiltzeko burujabetzarako urratsak egiteko.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, gaur, Eusko Legebiltzarrean. Atzean, EH Bildukoak. JOSE RAMON GOMEZ, EFE
2015eko azaroaren 13a
09:33
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi du Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteari "[Espainiako] estatu eredu berria" lortzeko asmoz "elkarlana" proposatu ziola, "baina Kataluniak erabaki zuen bere bidea hastea, eta Euskadik, berea, bere historian, errealitatean eta inguruabarren arabera". Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok Urkulluk, gaur, gobernuaren kontrol saioan EH Bilduk eta UPDk Kataluniari buruzko galderak egin ostean.

Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak lehendakariari esan dio Kataluniak ez duela sentitzen EAE babesten ari denik, eta Jaurlaritzari eskatu dio neurri zehatzak har ditzala "katalan herriaren ondoan egoteko". 

Urkulluk erantzun dio hartu-eman "estua" duela Masekin, hainbat aldiz bildu direla biak, eta haietako batean egin ziola estatu eredu berria sustatzearen aldeko planteamendua. Lehendakariak uste du gaurko estatu eredua "krisian" dagoela, eta Madrilgo gobernuak "elkarrizketararako zubiak hautsi" egin dituela. "Euskadiren eta Kataluniaren nazio izaera aitortzen ez dituen bitartean, ez da konponbiderik egongo". 

Arraizek adierazi du EAEko autogobernu lantaldearen "komodina behin betiko iraungitu" dela, EAJrentzat hura "ez eztabaidatzeko, ez adosteko, ez erabakitzeko eta kontsulta ez egiteko koartada" delakoan. EH Bildukoaren arabera, burujabetzarako "borondate politikoa baldin badago, legebiltzarreko gehiengoa aktibatu besterik ez da egin behar". 75 parlamentarietatik 48 dituzte EAJk eta EH Bilduk (27 eta 21). 

Urkulluren iritzian, autogobernu lantaldean posible da akordioak lortzea, baita gero estatuarekin aldebikotasun harreman bat erdiestea ere. "Lantaldetik kanpo, ezinezkoa da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.