Pozarren ikusi dute alderdi abertzaleek Bartzelonan Diadaren egunez katalanek egindako independentzia aldarrikapen indartsuari. Eta, Herrialde Katalanek ez ezik, Euskal Herriak ere independentzia nahi duela esateko baliatu dute aukera.
Espainiako Gobernura begira jarri da Iñigo Urkullu EAJren EBBko burua eta lehendakarigaia, eta esan du hark ezin duela euskal herritarren eta katalanen «nahien kontrako bidean» joan. Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari aurpegiratu dio arazo ekonomikoa ez duela bere arazo bakarra, estatu ereduari buruzko arazoa ere badaukala euskaldunekin eta katalanekin. Lehentasuna krisia dela aitortu arren, subiranotasun aldarrikapenak ezin dituztela erantzunik gabe utzi ohartarazi die PPri eta PSOEri.
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak eta EH Bilduko hautagaiak zorionak eman dizkie Herrialde Katalanetako herritarrei, eta «subiranotasunaren ordua» dela esan du. Haren ustez, ez da «erabat amaituta dauden» estatutuen garaia, ezta «erabateko indefinizioan dauden» estatutu berriena ere.
Amaiurreko bozeramaile Xabier Mikel Errekondoren esanetan ere euskal herritarrak «poztu» egin dira «katalanek ere beren erabakitzeko eskubidea defendatzen dutelako». Espainiako Kongresuko korridoreetan esan zuen «gakoa autonomia erkidegoen erabakitzeko eskubidean» dagoela. Haren esanetan, hori «oinarrizkoa da edozein sistema demokratikotan».
Manifestazioaren tamaina «politikaren ikuspegitik eta lasaitasunez» kontuan hartu beharrekoa dela uste du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere. Haren iritzian, hain arrakastatsua izateko badago arrazoi bat: «Larritasun ekonomikoaren sentsazioak sentimendu independentista sortzen du, baita hala ez den batengan ere». Gainera, Lopezen arabera, «batzuk egoera aprobetxatzen ari dira, beren ideologia isilpean sartzeko».
Antonio Basagoiti EAEko PPren buruak erabat bestelako iritzia eman du, eta iragarri du independentzia Euskal Herriaren eta Herrialde Katalanen ekonomiarentzat «erabateko traba» izango dela. Izan ere, haren esanetan, Espainia izan da bi erkidego horiek « aurrera egitea ahalbidetu duena». PPren nazio batzarreko hitzaldian alde berean kokatu ditu «Bilduren atez ateko zakarren nazionalismoa» eta «EAJren gorbatarena», eta ohartarazi die «hausturak» kostuak dituela, «liskarra» dakarrela, «corralito politikoa» dela eta «Euskal Herriko errealitatearekin eta historiarekin ez dela justua».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Estatu eredua aztertu beharra nabarmendu du EAJk
Basagoitik dio garapen ekonomikoa Espainiak ahalbidetu diela Euskal Herriari eta Herrialde Katalanei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu