Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Carlos Urkijok helegitea jarri du 1960tik 1978ra arteko estatu indarkeriaren biktimak laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren 2013ko dekretuaren aurka. Hala jakinarazi dute dekretu horrek babestu edo babesa eskatu duten 50etik gora biktimak Donostian eginiko agerraldi batean.
Haien guztien izenean, Arantza Kortaberriak agiri bat irakurri du, euskaraz. Salatu du gobernuaren ordezkariaren erabakiak “mina, ulertezintasuna eta sumindura” eragin diela. “Gure sufrimendua eta gure errealitatea ukatzen da, beste behin”, adierazi du, eta helegitearen “bidegabekeria” salatu du, “lekukotasunik eman gabe, gure ahotsa eta gure historia entzunarazi gabe” hartu duelako erabakia.
2012an Patxi Lopezen gobernuak egindako dekretuari Iñigo Urkullurenak gaineratutakoari jarri dio helegitea Urkijok. Batetik bestera aldaketa handirik ez dagoen arren, puntu “tekniko” batzuk inpugnatu ditu gobernuaren ordezkariak. Hala ere, biktima talde horrek azpimarratu duenez, helegiteak eskatzen du dekretua baliogabetzeko eta kalte ordainak itzultzeko. Jakitera eman dutenez, 100 biktima inguru dira laguntza horiek eskuratu ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren ebaluazio batzordearen onespena jaso dutenak.
Egoera horren aurrean, hiru eskaera egin dituzte. Espainiako Gobernuari, helegitea ken dezala. Eusko Legebiltzarrari, biktima horiek aitortzeko eta erreparatzeko prozesuarekin jarraitzeko. Eta Eusko Jaurlaritzari, politikoki eta judizialki defenda dezala helegitea kentzeko exijentzia. Dagoeneko, Jaurlaritzak jarri ditu alegazioak Espainiako Gobernuaren ordezkariaren helegitearen aurka. Agerraldian, eta entzuleen artean, egon da, besteak beste, Aintzane Ezenarro Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaritzako aholkularia.
Ezjakintasuna edo mendekua
Urkijoren erabakiak harrituta utzi ditu biktima horiek, eta uste dute horren atzean egon daitekeela “ezagutza eza, konfiantza eza eta, agian, baita mendeku gosea ere”. Nolanahi ere, Ines Nuñez de la Partek azpimarratu duenez, dekretu horrek babestu dituen biktimek ez dute inolako loturarik “borroka armatuarekin”. Indarkeriazko testuinguru batean, estaturen indarkeria edo indarkeria parapoliziala sufritu duten herritarrak dira. Hala, “informa” dadila galdegin dio Espainiako Gobernuari. “Pertsona askoren eskubide eta sufrimenduarekin ari dira jokatzen eta hori onartezina da”. “Alderdikeriak” alde batera uzteko eta “gaiari” heltzeko eskatu dio. “Egoera honen aurrean, zer da, bada, Espainiako Gobernuak proposatzen duena”, galdetu du Nuñez de la Partek.
Espainiako Gobernuaren ordezkariaren erabakiak aurretik Madrilek hartutako beste neurri batzuekin bat egiten du. Mariano Rajoyren gobernuak, adibidez, talde terroristatzat jo diren talde parapolizialen (GAL, BVE, AAA) 40 biktima ingururi laguntzak kentzea erabaki du, "ETArekin edo haren inguruarekin" harremana izan dutela argudiatuta.