Estatuaren ezintasunaren erakusle dela diote eragileek

Ehunka herritar atera dira kalera sindikatuen deiari erantzunez, eta mobilizatzen jarraitzeko eskatu dute sindikatuek

Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide, Bilbon eginiko elkarretaratzean, atzo. LUIS JAUREGIALTZO.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Epaiketa politikorik ez. Eskubide guztiak guztiontzat zioen pankartaren atzean, ehunka lagunek egin zuten protesta, atzo eguerdian, Bateragune auziari dagokion epaiagatik. LAB, ELA, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egindako elkarretaratzeetan, Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Arkaitz Rodriguezek, Sonia Jacintok eta Miren Zabaletak «politika egiteagatik» jasotako zigorra gaitzetsi zuten. Auzia eta epaia bera politikoak direla salatu zuten sindikatuetako ordezkariek, eta Espainiako Estatuaren ahuleziaren erakusle dela ere ohartarazi zuten. Euskal Herrian jorratzen ari den ibilbide politikoari emandako erantzuna dela.

«Epaia erabat politikoa da», salatu zuen Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak Bilbon egindako elkarretaratzean. «Ez dauka ez inolako oinarri juridikorik ez interpretazio juridikorik; epaiketa politiko baten ondorioz emandako epai politikoa da, helburu politiko argiak dituena».

Espainiako Estatuak zenbait ekimen politikoren aurrean duen jarrera agerian utzi du zigor epaiak, Etxaideren ustez: «Berriro erakutsi digute Espainiako Estatuan jarduera politikoa debekatu eta zigortu egiten dela, jarduera politiko horien bidez gauzak benetan alda daitezkeela erakusten dugunean». Eta estatuak «Euskal Herrian duen arazoa bide politiko hutsetatik konpontzeko erabakirik» ez duela oraindik hartu ere frogatzen du epaiak, LABeko buruaren iritziz.

Areago, Etxaideren ustez, estatua ez da gai Euskal Herritik egiten diren eskaera politikoen aurrean erantzun politikoa emateko. Horrexek erakusten du bere ahuldadea sindikalistaren ustez, eta horregatik egin du politikaren bidez egoera aldatzen saiatu direnen aurka. «Sententzia hau indar erakustaldia da geroz eta jende gehiago biltzen duen bidearen aurrean».

«Errepresio estrategiaren» bidea aldatzeko eskatu dio, beraz, «onartezina» delako eta «ez duelako ezer konpontzeko balio». Egoera «zuzendu», epaituak absolbitu eta espetxeratutakoak kaleratzeko «exijitu» du. «Langileei, herritarrei», mobilizatzen jarraitzeko eskatu die, «mobilizazio soziala izango delako bidea egoera ez demokratiko honi buelta emateko».

«Ezin da onartu politika egiteagatik kartzelan egotea», salatu du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak elkarretaratze berean. Epaia «oso bidegabea» dela esan, eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren «zeregina» gaitzetsi du: «Espainiako Estatuko politika guztia baldintzatu nahi duen salbuespeneko auzitegia da, eta aurrerantzean ere halakoa izan nahi du; ezin dugu onartu».

Epaia sakon aztertu duela azaldu du Muñozek, eta «onartezina» dela. «Guk lekukotza eman genuen epaiketan, eta epaileek diote lagunak garelako eta helburu berak ditugulako bertan behera geratzen direla gure testigantzak. Hori ezin da onartu demokrazia batean».

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren jarrera ere salatu du ELAkoak: «Askatasunei buruz ari gara, bidegabekeria handiei buruz, eta, beraz, lehendakariarengandik beste jarrera bat espero behar dugu. Ezin da onartu esatea kartzelara joanda elektoralismoa egiten ari direla».

«Fiskaltza halako ebazpenen bila jarri zuen Espainiako Gobernua», berriz, epaiaren arduradun egin du, eta halako erabakiak «joko demokratikotik kanpo» daudela ohartarazi dio; baita Euskal Herriak ez duela halakorik «onartuko» ere.

Aralarrek, hedabideetara igorritako oharrean, «kontrakotasun osoa» adierazi dio bai epaiari bai epaimahaiak Rafa Diez espetxeratzeko hartutako erabakiari: «Sententzia juridikoki onartezina da, eta eskandalu demokratikoa». «Eskuin muturreko mugimenduen jarrera» hartu izana egotzi dio Fiskaltzari, eta «demokraziaren, eskubideen eta legeen defentsa ez egitea». Fiskaltza Espainiako Gobernuaren pean dagoela eta, gauza bera leporatu dio Espainiako Gobernuari ere.

ABren ustez, «Espainiako Estatuaren aurpegi beltzena» agerian utzi du epaiak, «bere ezgaitasun nabarmenarekin batera». Bake eta normalizaziorako «urrats ausartak» egiten ari diren egoeran «atzerapausoa eta oztopo larria» dela uste du, baina, halakoen gainetik, «aitzina segitzeko» deia egin du.

Bakartxo Ruiz Bilduko kidearen hitzetan, «estatuak, egoera berrira egokitzeko gaitasunik ezarekin, bere ahultasuna erakutsi» du. Baina ohartarazi du epaiak ez duela ekarriko hartutako bidea baztertzea.

Blancok «errespetatzen» du

Jose Blanco Espainiako Gobernuaren bozeramaileak «errespetua» adierazi dio epaiari eta Diez espetxeratzeko aginduari: «Espainiako Gobernuak beti errespetatzen ditu erabaki judizialak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.