"Estatu plurinazionalek funtzionatzen dute; zergaitik ez egin?". Akordioa nahi du Iñigo Urkulluk, eta autogobernurako eskumen gehiago izan. Horretarako, "Euskadi nazio gisa onartzeko" eskatu dio Espainiako Gobernuari. Espainiarekin errespetuzko harreman bilaterala nahi du. Horretarako, "ahalik eta esparru zabalenera eramango gaituen bidea" topatzeko ahalegina egin die legebiltzarrerako gainerako taldeei. Alegia, autogobernu lantaldean onartutakoa "zabaltzea". Ildo horretan, uste du "demokraziaren handitasunaren" erakusle dela "gutxiengoaren" iritziak ere aintzat hartzea, eta hori dela bidea akordioaren etorkizuna bermatzeko.
Lortutako akordioa zabaltzea posible dela uste du lehendakariak. Bidea: eskubide historikoen eguneratzea. Erreferenteak: Europan dauden eredu konfenderalak eta “demokrazia plurinazionalak”. @berria
— Edurne Begiristain (@ebegiristain) 2018(e)ko irailaren 20(a)
Urkulluk gaineratu du "porrota" litzatekeela estatutu proprosamen berria indar abertzaleek bakarrik babestea, abertzaleak ez diren alderdien "gaitzespen edo axolagabekeriarekin".
Estatutu berriak "ia konstituzio" izaera izan beharko luke, lehendakariaren iritziz, eta estatuarekin parez-pareko harremana bermatu beharko luke. Horretarako, "aldebiko harremana" eta "akordioa" izan beharko lituzke oinarri, eta adostutakoa beteko dela ziurtatzeko berme sistema bat ere jasotzea ezinbesteko jo du.
Defendatu duenez, Espainiarekiko proposatzen duen harreman berriak badu eredurik Europan. Kontinenteko hainbat herrialdetan, nazio identitate desberdinen arteko elkarbizitza arrakastatsua ahalbidetu du eredu konfederalak, haren esanetan.
Eredu horiei erreparatzeko eskatu dio Urkulluk Espainiako Gobernuari, eta estatuaren "izaera plurinazionala" aitortzeko galdegin dio. Hori da, lehendakariaren esanetan, "gakoa". Legebiltzarreko taldeentzako ere izan du eskaririk. Ohartarazi die estatutu berrirako proposamenak "politikoki eta juridikoki bideragarria" izan behar duela, Espainiako Kongresuan "negoziatua eta adostua" izan dadin.
Nolanahi ere, lehendakariak uste du Legebiltzarreko autogobernu lantaldean EAJk eta EH Bilduk egindako akordioa zabaldu aurretik dagoeneko onartuta dagoen eta legezkoa den Gernikako Estatutua bete behar dela, eta horixe egiteko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari.
Espainiako estatua "ezezko bikoitzean" kateatuta ikusten du: "Batetik, Gernikako Estatutuak bete gabe jarraitzen du, onartu zutenetik 40 urte bete diren arren; eta, bestetik, estatuak ez du onartzen bere errealitate plurinazionala". Hala, ezezko bikoitz hori baiezko bikoitz bihurtzeko aukera duela ohartarazi dio PSOEren gobernuari, eta halaxe egiteko eskatu dio.
“Estatuko botereei eskatzen diet herri baten asmoei erantzuteko bide bat ireki dezatela” , dio @iurkullu-k. Horrekin, irtenbide bat eramango litzaioke estatuaren “lurralde krisiari”, bere ustez.@berria
— Edurne Begiristain (@ebegiristain) 2018(e)ko irailaren 20(a)
Testuiguru politikoaz hausnarketa egitean, lehendakariak nabarmendu du Mariano Rajoyren gobernuarekin elkarrizketa ez zela eraginkorra izan eta arazo asko konpondu gabe geratu zirela. "Jarrera aldaketa" sumatu dio, ordea, Sanchezen gobernuari, eta espero du presidente berriak akordiorako borondate handiagoa erakustea.
Kataluniak bizi duen "blokeo politiko eta instituzionala" ere gogoan izan ditu, eta elkarrizketaren bidea ere proposatu du irtenbidea lortzeko. Ildo horretan, Kataluniako agintarien espetxeratzea amaitzeko galdegin du. "Behin betiko espetxeratzea ez dago justifikatuta, eta neurriz kanpokoa da ikuspuntu judizial batetik".
Bestalde, lehendakariak gobernu programan jasotako helburuez hitz egin du, eta hainbat xede ezarri ditu legealdi honetarako. Horien artean, honako hauek: Europako Batasuneko biztanleko BPGaren %125 lortzea; o langabezia tasa %10etik behera uztea; berrikuntzarako 100 proiektu estrategiko martxan jartzea; berotegi efektuko isuriak %20 gutxitzea eta bizi itxaropena 84 urtera igotzea.
Bakegintzaren arloan, Bertizko adierazpena garatzeko lan egingo duela adierazi du, salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu eta ETAk eragindako minaren izaera "bidegabea" aitortua izan dadin.