Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Estatuari ere «EAJ eredua» eskainiko diola adierazi du Iñigo Urkulluk

Sozialistek eta PPk langabezia besterik ez dutela ekarri eta EAJ egoerari buelta emateko gai dela adierazi du

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Bere buruaz oso seguru dago EAJ. Kudeatzen badakiela dio. Badakiela gobernatzen, eta badakiela enplegua sortzen. «EAJ ereduak funtzionatzen du», esan du Iñigo Urkullu EBBko presidenteak Lantaronen (Araba), kanpainarako esalditzat hartu duena errepikatuta. «Ekonomia produktiboan sinesten dugu, baita Ongizate Estatuan ere. Ez dira bateraezinak; osagarriak dira. Eta funtzionatu duen eredu baten zati dira». Hortaz, «EAJ eredua berreskuratzea» proposatu du Urkulluk. Eredu hori Espainiako Estatuari ere eskaintzea.

Ekonomiaren egoera txarra iraultzeko modu bakarra horixe dela adierazi du Urkulluk. Frogatuta dagoela. «Azken urte honetan langabezia Euskadin Espainian baino hiru aldiz gehiago hazi da. Lehenago Espainian baino hobeto geunden», esan du, eta ohartarazi ekonomia egoera askoz hobea zela Eusko Jaurlaritza EAJren esku zegoenean.

«Orain, geroz eta okerrago gaude. Beheraka goaz. Eta errealitate horren arduradunak bi dira: Patxi eta Antonio», esan du; «Lopez eta Basagoiti». PSE-EE eta PPren arteko itunaren «emaitza» langabezia gehitzea besterik ez dela esan du. Horren inguruan, EAJk neurriak hartu behar dituela: «Guri dagokigu egoera honi buelta ematea. Guri dagokigu emaitza onak ematen zituen politika ekonomikoa berreskuratzea». Hain zuzen, adierazi du EAJren helburua dela «Euskadi berriro gorako bidean jartzea» eta enplegua sortzea.

EAJren «eredu» hori PSE-EEk eta PPk «gutxietsi» eta alboratu egin dutela salatu du. Baina horrek, azken bi urteetan, 17.000 langabe gehiago ekarri dituela EAEn. «PSE-PP ereduak ez du funtzionatzen», ondorioztatu du.

Ekonomia suspertzeko, industria eta merkataritza laguntzea proposatu du, eta ikerketa eta garapenean sakontzea. Baita autogobernua areagotzea ere, «hemen kudeatzen dugunak hobeto funtzionatzen duelako». Araba «modernizatuko» duten azpiegituren alde ere egin du, abiadura handiko trena adibidetzat hartuta. Hain zuzen, AHTa Euskal Herrira ekartzea EAJk lortu duela-eta, bere burua zoriondu du alderdiko buruak.

Alderdi bitasuna

Hauteskundeak aztertu, eta estatu mailan sustatzen ari den alderdi bitasuna gaitzetsi du Urkulluk. Haren esanetan, aurreko astean boto asmoen inguruan CISek kaleratutako inkestak zein atzo gauean Rubalcabak eta Raxoik izandako eztabaidak horixe sustatzea dute helburu. «Bitarako Espainia» ikusaraztea; Espainia bi alderdi horien artean banatzen dela eta gainontzekoek ez dutela zereginik sinetsaraztea.

Errealitatea, ordea, oso bestelakoa dela ohartarazi du Urkulluk. «Eta onartu beharko dute Espainiako Estatua PSOE eta PP baino askoz gehiago dela. Aniztasuna onartu beharko dute, eta estatua nazio-aniztuna dela».

Horretarako, «amuan» ez erortzeko eskatu die euskal herritarrei. Ez sinesteko «hauteskunde hauek ez dutela gurekin zerikusirik». Mobilizatzeko, eta «Euskadik ahots propioa duela» erakusteko. «Guri dagokigu manipulazio honi buelta ematea».

Bestalde, ordainik gabeko bakea aldarrikatu, eta esan du «sufrimendua sozializatu nahi zutenek eragindako mina aitortuta birgizarteratu» beharko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.