Europa euroaren krisiaren ostean: zilegitasuna, demokrazia eta justizia nazioarteko kongresua hasi dute gaur Bilboko Bizkaia aretoan, eta hasiera ekitaldian izan da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Bertan esan duenez, "euskal nazioaren erronka handia da errealitate estatalen egitura zurrunak gainditzeko gai diren antolakuntza politikoko forma berriak topatzea".
Mario Fernandez Kutxabankeko presidentea, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea eta Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramailea ere bertan izan dira. Egoera ekonomikoaren inguruan arituta, Urkulluk esan du ez dela erraza "tunelaren amaieran argia ikustea", eta finantzen krisia "krisi ekonomikoa, instituzionala eta, batez ere, baloreena" bihurtu dela gaineratu du.
Krisiaren ondorengo agertokiaz galdetuta, Urkulluk ez du uste Europa "estatuen klub bat" izango denik. Halaber, zail ikusten du Europako Batasuna "makroestatu federal bat bihurtzea edota estatu eta nazioak eskumenez hustea".
"Botere politikoaren fokua interdependentzian eta parte hartze demokratikoan jarri behar dugu", esan du.