EUSKARA

Estatuen esku hartzea gelditzeko, protestara deitu du Kontseiluak

Euskararen aurka erasoak jasan dituzten herrietan elkarretaratzeak egingo dituzte astebete barru. Espainia eta Frantziaren "sorgin ehiza" salatuko dute.

Kontseiluaren agerraldia. JON URBE, ARP
Oihan Vitoria.
2014ko apirilaren 2a
08:23
Entzun

Euskararen normalizazioa helburu duten neurrien alde, heldu den asteazkenean kalera irteteko deia egin du Kontseiluak. Elkarretaratzeak antolatu ditu "mehatxuak" pairatu dituzten herri guztietan; gehienak 19:00etan izango dira, udaletxe aurreko plazetan. "Herritarrei tresna bat eskaini nahi genien desadostasuna agertzeko", azaldu du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak. "Estatuen esku hartzea gelditu" erabiliko dute lelo gisa. Lelo hori irudikatzeko, eskuak koloretako margoekin busti, eta gelditzeko keinua egingo diete estatuei.

"Erasoa" berria ez bada ere, euskararen normalizazioa oztopatzeko asmoz Espainiako eta Frantziako Gobernuek abiatu duten "sorgin ehiza" areagotu egin da azkeneko urtean, Bilbaoren hitzetan: "Bi estatuak modurik agerikoenean, inolako mozorrorik gabe, ari dira euskarari trabak jartzen". LOMCE legea, Nafarroako D ereduaren aurkako "jazarpena" eta Frantziako falloux legea aipatu ditu adibide gisa.

"Horiek gutxi balira", Espainiako Gobernuko ordezkari Carlos Urkijoren "ateraldia" salatu du Kontseiluko idazkari nagusiak. Kontratazioetako hizkuntz irizpideak direla eta, 46 udalen aurka egin du Urkijok azken hilabeteotan. "Gipuzkoako kolore anitzetako udalei hizkuntz programak bertan behera uztea exijitu die, banan-banan". Horrez gain, Bizkaiko eta Arabako hainbat udali indarrean duten euskara planak eskatu dizkiela kritikatu du.

Horren haritik, Bilbaok oroitarazi du 1996. urtean Bartzelonan onartutako Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren arabera hizkuntza ororen kudeaketa komunitateari dagokiola. "Hizkuntz komunitate orok eskubidea du bere hizkuntz eredua garatu eta sustatzeko, inolako kanpo esku hartzerik gabe", zehaztu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.