Espainia eta Frantziako estatuen indarkeriaren biktima batzuek ekitaldia egingo dute larunbatean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 17:00etatik aurrera. Donostian egindako prentsaurreko batean eman dute ezagutzera ekitaldia, besteak beste, Kandido Saseta Eusko Gudarosteko burua zenaren hilobak, Txomin Letamendi torturen ondorioz 1950ean hildako EAJren militantearen semeak, eta Txiki eta Otaegiren senitartekoek.
Izaskun Iantzi torturen ondorioz hildako Gurutze Iantziren ahizpak azaldu duenez, gatazka armatu eta politikoaren konponbidea bideratzeko “gako nagusiak” azalduko dituzte ekitaldian: Egia eta memoria kolektiboa; askatasunarekin konpromisoa; eta pertsona guztien eskubide guztiak eta herritarron borondatea errespetatzeko hitza. “Hamarkadetako gatazka eta enfrentamenduaren aroa gainditzeko aukera historikoak erronka berri baten aurrean kokatzen gaitu: askatasuna, egia eta memoria kolektiboa uztarturik, izan diren eta etorkizunean izango diren konpromiso guztiak ubide berean batzearena”, nabamendu du Iantzik.